6000 txorik osatzen dute Irantzu Lekuek Gasteizen osatutako arte instalazioa

Arte instalazio efimeroa da eta igandean desagertuko da “txorien askatzearekin”. Askatasuna eta utopia ditu hizpide artista gasteiztarrak.

Kaldearte Jaialdirako sortutko artelana da eta Mikel Laboraen “Txoria txori” eta Sebastian Iradier gasteiztarraren “Usoa” abestiak ditu oinarri. Abesti eta herritarren arteko hartu emana sustatu nahi izan ditu arte eta parte hartzea uztartuz.

GASTEIZ. Irantzu Lekue artista gasteiztarra “Txoriak” arte instalazioa ari da garatzen Gasteizko Arkupeetan. “Zonalde berezia da, historikoa baina magikoa aldi berean, askatasuna eta utopia kontzeptuetan oinarritzen den artelan hau garatzeko ingurune oso egokia”, azaldu du. 6000 txorik osatzen dute artelana eta materialak, oraingo honetan, kartulinak eta beira fibraz osaturiko txoritxoak dira. “Arte instalazioetan objektu sinpleak, egunerokoan erabiltzen ditugunak erabiltzea dut gustuko. Objektuen errepikapenarekin jolasten dut objetuak testuingurutik atera eta zentzu berri bat eskaintzeko, objektuei itzulpen artistikoa eskaintzeko, alegia”. Erronka, oraingo honetan, artelana lurretik altxatzea izan da. “Oraoin artean egin ditudan arte instalazio guztiak lurrean izan dira. 7000 zapatekin, 10.000 beirazko botilekin DSS2016-ko Energia Olatuak saila ixteko… denak lurrean garatu nituen baina oraingoan zerura igo nahi izan dut, paisai onirikoak sortzeko eta horretarako Jose Luis Landa izan dut bidaide”, azaldu du.

Txoriak lanak askatasunaren kontzeptua hartzen du abiapuntutzat, ideien, artearen, irudimenaren eta sorkuntzaren bidez gora egiteko, helburuak lortzeko, hegan egiteko, gainditzeko eta eraldatzeko aukera. Milaka hegaztik osatzen dute arte instalazioa; Arkupeetatik saldoka hegaldatu eta, batuta, inguruko kaleak kolorez beteko dituzte, sintonia bat osatuz. Berdinak eta aldi berean ezberdinak, KaldeArte hartzen duten txoritxoek pozez eta mugimendua beteko dute hiriko alde historiko hori.

Artea eta herritarren parte hartzea uztartzeko metodologia garatu du oraingoan ere eta, besteak beste, Armentia eta Olabide ikastolek, Mendebaldeak, Samaniegok eta Koldo Mitxelena eskolek hartu dute parte. Horretaz gain, IRSE, Sidalava edo Abegia moduko elkarte eta zentroen parte hartzea lortu du. “Hilabeteak eman ditugu hau guztia sortu, garatu eta martxan jartzeko eta oso pozik gaude, muntaketa goizeko 03:00etan abiatu badugu ere”

Artelan prozesuala dela nabarmendu du, igandean desagertuko den arte instalazio prozesuala. Musika du oinarri, zehazki, Sebastian Iradier “Usoa” -munduan bertsio gehien dituen abestietako bat sortu zuen gasteiztarrak- eta Mikel Laboaren “Txoria txori”. Artelana gainera, Sebastian Iradier-en etxea izan zen aitzinean ari dira garatzen, Gasteizko Arkupeetan. Ekitaldi zentrala bihar izango da, gaueko 22:00etan, Yanela Murua dantzariak Kaldearte eta Txoriak artelanerako propio sortutako lanaren aurkezpenarekin.Irantzu Lekue Gasteizko artista garaikidea eta muralgilea da. Artea baliatuz eraldaketa sozialaren alde lan egiten du, kultura berrikuntzaren, arte kontzeptualaren eta arte irisgarriaren bitartez. Herritarren partaidetza gakoa da haren arte-instalazioetan, baina bideo-artea, pintura eta eskultura ere lantzen ditu.