“Eraldaketa: SortzaileON afera” egitasmoa aurkeztu du Irantzu Lekuek ahozkotasunetik abiatu eta bideoartera salto egingo duena

Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinegilea ari dira Lekuerekin batera proiektua gauzatzen eta emakumezkoen euskarazko “sorkuntza-prozesuari erreparatzea du helburu”. Parte hartzen duten 14 artistetatik 9 dira arabarrak.

Arabatik zazpi solasaldi antolatu dituzte protagonista ezberdinekin tartean Zuriñe Hidalgo, Izaskun Urkijo, Ane Rodriguez Armendaritz, Blanka Gomez de Segura, Garazi Lopez de Armentia, Izar Mendiguren, Paula Amilburu edo Huntza taldeko Josune Arakistain-ekin.

GASTEIZ. Egitasmo berria abiatu du Irantzu Lekue artista garaikideak. Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sorkuntza-prozesuari erreparatzea du helburu, emakume sortzaileen sorkuntza-jarduera oinarri. Lekuek azaldutakoaren arabera, xede nagusia da erakustea kontzeptuak, sorkuntza-prozesuaren inguruko irudi eta aurreiritziak, kultura, kulturak, artea, arteak bizitzeko moduak, eta kulturgileen irudia. SortzaileON afera-k Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan euskarazko mugimendua sortzea du helburu, klabe garaikidean Irantzu Lekuek Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sustatutako “Gazte sortzaileak” beka eskuratu du egitasmoa bururaino eramateko eta Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinegilearekin ari da horretarako lanean. Proiektua hiru fase ezberdinetan planteatu dute: ahozkotasuna landuz aurretik, sormen prozesua bigarren eta erakusketa publiko batekin azkenik.

Lekuek azaldutakoaren arabera “handia da, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata bestearengandik urrun daude. XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta baliabideekin, zer egin daiteke alde hori txikitzeko?” galdegin du arabarrak. Ildo beretik Olatz Alonso zera galdegin du “Kulturgileak eta publikoak gerturatzeko? Sorkuntzari, sorkuntza-faseari, gehiago erreparatzeko? Eta euskal kulturatik, zer egin daiteke, zer dago egiteko, sortzaileon lana publikoari gerturatzeko? Zein dira publikoak? Eta publiko horiek zabaltzeko? Pertsona gehiago erakartzeko?”

Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sormenari erreparatuko dio, baina bereziki sorkuntza-prozesuari, euskal kultura duela hizpide. “Sortzaileen prozesuari erreparatuko dio, bai, baina gazte eta emakumezkoen ikuspegitik. Kultura garaikideaz ariko da, garaiko belaunaldiekin. Hala, oinarri teoriko zabala lortzea da lehen helburua, hausnarketa publikotik abiatuko den oinarria”, azaldu du Lekuek.

Hori dela eta, proiektua jaio da ohiko sekuentzia iraultzeko apustutik. Olatz Alonsok azaldutakoaren arabera “kulturaren berezko balioak aldarrikatzen ditu, besteak beste eskuragarritasuna, aniztasuna, kohesioa, nortasuna, sormena, memoria, gaztetasuna, askatasuna, jakintza eta jarrera kritikoa, baina hau guztia sorkuntza-prozesuari erreparatuta egitea proposatzen du, kultur produktuaren garapena bigarren fase batean utzita”. Normalean, bai sormenean, bai enpresa-munduan… produktu bukatuak hobesten dira. Bukatuta dagoena aurkezten da, eta hori bakarrik eskaini ohi zaio “kontsumitzaile” edo kultur erabiltzaileari. Logika horren menpe, sorkuntza-prozesua artistarena baino ez da, eta, halabeharrez, pribatua bilakatzen da. Ondorioz, uste da produktua bukatuta egon ezean ezin dela aurkeztu… baina, hala da? Zergatik ez dugu publikoa prozesuaren parte bilakatzen? Zergatik ez esperimentazio horretako eragile bihurtu? Horregatik, “Eraldaketa: SortzaileON afera”-ren helburua da prozesu hori erdigunean jartzea, prozesua, bidea, komunitatean egiteko / eragiteko aukera eskaintzeko. “Prozesua artistei ez ezik, interesa duen orori ere gerturatzeko, artearekiko eta kultur sorkuntza-prozesuekiko interesa pizteko” jaio dela azpimarratu du Irantzu Lekuek. Kultura jorratzeko ikuspuntuak alderdi anitzekoa izan behar duen garai honetan -hezkuntza, ingurumen, alor ekonomiko eta sozialen gaineko garapen- eta eragin-faktorea delako, eta norbanako kritikoak horrela sortzen direlako-, proiektuaren xedea da alderdi anitzeko ekimenerako jauzia egitea, gazteria, emakumea eta garaikidetasuna, Araba, oinarri.

Sorkuntza-prozesuei erreparatzeko, artisten lana gertutik ezagutzeko, berezitasunak edo beharrezko elementuak identifikatzeko, SortzaileON afera proiektua ahozkotasunetik abiatuko da. Horretarako, zazpi kultur saio antolatuko dira, kulturaren eta artearen munduko emakumeekin. “Guztiekin, sormenaren inguruan solastatuko gara, eta emakumeen lanak mahai gainean jarriko ditugu” azaldu du Alonsok. Proiektu honek emakumeen autonomiaren eta ahalduntzearen garapena bultzatzearen alde egiten du, hala nola genero-kontzientzia hartzearen eta balio-aldaketa sustatzearen alde, kulturaren arloan ere genero aniztasunari eta identitateei dagokienez rol, estereotipo eta aurreiritzi sexistak erauzita, azaldu dute.

Lekuek azaldu moduan, “bada garaia ere kultura eta artea Gasteiztik ateratzeko eta haien gaineko hausnarketak herrialde osoan zehar egiteko. Kultura plazaratzeko ordua da, ez soilik aisialdi edo ikuskizun gisara, baizik eta hausnarketatik abiatuta ere, egungo egoeraren gogoeta egin eta etorkizuna amesteko. Horregatik eta horretarako, sortzaileekin baterako saioak Arabako eskualdeetan egingo dira”. Hala, proiektua ahozkotasunetik abiatu eta bideo-artera egingo du jauzi.

“Horrekin guztiarekin, bideo-arte bat osatuko dut, hainbat istorio muntatuta”, azaldu du. Hala, modu ez linealean, hainbat emakumezko sortzaileren ibilbidearen eta obraren berri jasoko dugu, haien bizitzen eta esperientzien, sentimenduen eta jarreren berri. Oro har, nork bere burua gainditzeko mezua zabalduko du, sareko lanaren, irmotasunaren eta emakumeek eginiko artea, haien lan didaktiko, kritiko eta artistikoa ikusgai jartzeko beharraren aldeko mezua. Hori guztia esperimentazioan oinarrituta eta izaera aldarrikatzaileaz.

Asko dira egitasmoan parte hartuko duten emakumeak, tartean Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo, Izaskun Urkijo arte zuzendaria -Errementari filmean lan egin duena, adibidez-, Ane Rodriguez Armendaritz Tabakalerako zuzendaria, Blanka Gomez de Segura Euskal Keramika Museoaren arduraduna, Garazi Lopez de Armentia koreografa eta Baratza aretoko sortzailea, Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak edo Huntza taldeko Josune Arakistain-ekin. Badira ere burutu diren hainbat elkarrizketa, tartean, Haizea Barcenilla arte kritikari eta komisarioarekin, Irati Jimenez idazlearekin, Yanela Murua dantzariarekin, Miriam Isasi artistarekin, Belen Nevado antzerkigilearekin edota Maider Oleaga zinegaliarekin, adibidez. 14 emakumetatik 9 arabarrak direla nabarmendunahi izan du Irantzu Lekuek.

Date: 17 apirila, 2020

Category: Gestio Kulturala