“Loreen abstrakzioa” arte interbentzioa aurkeztu du Irantzu Lekuek Usurbilen

Lekueren arte interbentzioa Jose Luis Zumetaren txori eskultorikoen ondoan kokatu dute. Horregatik, Lekuek Zumetaren kolore eta formak hartu ditu oinarri

Loreen barru-aldea berrinterpretatu nahi izan dut. Zumetaren txoriek testuingurua eskaintzen diote lekuari eta nik txori horien habitat-a berreskuratu nahi izan dut, naturaren formak herriko kaskora ekarriz”

DONOSTIA. Usurbilgo erdigunea herriak historian zehar bizitakoa azaltzen duten eskultura eta muralez gainezka dago. Orain, Irantzu Lekue artista garaikide eta horma irudigilearen arabarraren aurkeztu dute “Loreen abstrakzioa” deiturikoa. Artea kalean da Usurbilen eta hamaika dira artelanak dituzten kale, plaza edo jolaslekuak. Ibilbide emankorra duten euskal artisten erakustoki irekia da herria. Besteak beste, Jose Luis Zumeta, Remigio Mendiburu, Alejandro Tapia edo Iñaki Olazabal artisten lanak daude ikusgai eta orain, Irantzu Lekue-rena gehitu zaie. Ez da bakarra izango: laister Judas Arrieta hondarribiko artistak berea egingo du.

Hainbat aste igaro ditu Lekuek Usurbilen lanean. “Guztira 120 metro karratu inguru margotu ditu”, esan du Agurtzane Solabarrieta alkateak. Arte interbentzioa Kale Nagusia eta Askatasunaren Plazaren artean dagoen pasabidean burutu du.

Kolorea da orain nagusi duela gutxi arte iluna eta hotza zen pasabide honetan. “Lekua ikustera etorri nintzenean Jose Luis Zumetaren artelanari so geratu nintzen. Hiru txori eskultoriko ditu bertan eta artelan hauek elkarrekin bizi behar direlako, Jose Luis-en kolore eta formak hartu ditut oinarri”. “Bozetoekin ahsi nintzen orduan eta perspektiba asko izango zituen artelana osatuko nuela erabaki nuen, besteak beste, eraikinak dituen desnibelekin jolastu ahal izateko”, azaldu du gasteiztarrak.

Lore baten barru aldea berrinterpretatu nahi izan dut. Eraikinearen baitan dagoen pasabide hotz eta iluna izanik natura ekarri nahi izan dut herriko kaskora. Horregatik aukeratu dut lore bat, makro moduan ikusiko duguna eta lorearekin, naturan dagoen bizitzan erreparatu dut”. “Sagrada Familian, Bartzelonan, egin zuten moduan, nik animaliak, insektuak, txori horiek hazteko beharko zuten jana hortxe dagoela irudikatu nahi izan dut. Zementu hotz eta grisaren gainetik organikoa nabarmendu nahi izan dut”.

Margolana abstraktua da. Interpretazioa beraz, libre da. “Bakoitzak modu ezberdinean ulertzen du eta interpretazioak ere oso ezberdinak eta oso anitzak izaten ari dira. Batzuei itsasoa etorri zaie burura, beste batzuei zerua, beste batzuei abiadura… Baina oso giro ona egon da eta bizilagunak oso pozik daude” nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta alkateak.

Usurbilek kaleko artea sustatzeko apustua bere egin du, Harria Hitz bisita gidatuen bidez: Loreen abstrakzioa ere bisitaren parte izango da aurrerantzean