Parte-hartzaile gehien bildu duen horma-irudia da: ikastetxe publikoko 425 ikasle eta irakasle, adinekoen egoitzako 25 egoiliar, 20 boluntario eta hainbat taldetako 30 kide (Haurtzaro Elkargunea edo IRSE Araba).
QR kode bat erantsi zaio, zeinaren bidez “Arabako musikariek konposatu edo interpretatutako” 100 abesti entzun ahal baitira. KZ guneetako irakasle Sergio Torresek sortu du zerrenda, musikarekin lotutako zenbait eragile arabarrekin batera.
San Martin ikastetxeak bere aurpegi berria inauguratu du. 288 metro koadroko murala da, Adriano VI.aren kalearen aurpegia aldatu duena. Egunero ehunka ibilgailu igarotzen dira ikastetxearen aurretik, eta lehengo bistako adreilu hondatuen gainean margotu da murala, ehunka pertsonaren partaidetzarekin. San Martinek jai jendetsu batez ospatu du, zeinean luncha, abesbatzak, txokolate-jana eta bluesaren erritmoak izan baitira.
Duela hilabete eta erdi hasi ziren Irantzu Lekue eta ARTgia-ko taldea proiektua gauzatzen. Aurretik eginak zituzten herritarrek parte hartzeko zenbait saio ikastetxean, eskola komunitatearekin ez ezik baita auzoko beste kultur eta gizarte eragile batzuekin ere. Irantzu Lekuek azaldu duenez, “gizarte anitz berri bati leihoak irekitzea” helburu lukeen horma-irudia sortzea erabaki zuten. Amama eta ume baten arteko besarkada irudikatzen du. “Ajuria egoitza eta ikastetxea elkarren artean erlazionatzeko modua izan da, belaunaldien arteko prisma bat sortzeko, hasiera-hasieratik adinekoak eta umeak elkarrekin lanean jartzeko“, adierazi du.
Murala hainbat ataletan banatuta dago, zenbait ikuspegi irudikatzen dituztenak. Leiho baten barruan Arkupeko ibilbidea ikusten da, non umeak, gazteak eta adinekoak baitabiltza; Iradier musikaria —”La paloma” piezaren egilea— bizi izan zen lekuari keinua egin nahi izan zaio horren bidez. Umearen gorputzaren barruan San Martin parkearen egungo ikuspegia irudikatzen da. Amamaren barruan, bi ikuspegi: batetik, Adriano VI.aren kalearen antzinako irudia; bestetik, garai batean inguruan zeuden lantegiak, “iragana eta oraina lotzeko, lekuaren sustraiak bilatzeko“. Amamaren inguruan beste osagai batzuk erantsi dira: musika notak, getuko parkeko ahateak, Abendaño erreka —auzoa zeharkatzen baitu— eta garai bateko zerbeza lantegia.
Lehenengo lana horma handia konpontzea izan zen: zuloak bete; hormak zigilatu, muralaren mantentze egokia bermatzeko… Irudiak 288 metro koadro hartzen ditu. Hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa da, “jendeak parte hartu nahi” zuelako. “Parte hartu nahi zuten eta ez genuen inor kanpoan utzi nahi lan egiteko prest geundelarik“, azaldu dute. Horrenbestez, handitzea eta Arabako zazpi koadrilei keinua egitea erabaki zuten.
Mural musikaduna: Arabako 100 abesti
“Bienvenida – Ongi etorria” horma-irudiak gurera datozen pertsonei harrera egitea du gaitzat, “ongi etorria samurtasunez emanez“. “Horma-irudiaren formatua aparta da horretarako, elkarren hizkuntza ez ezagutzeak eragin ditzakeen oztopo linguistikoak gainditzen laguntzen duelako”.
“Hori dela eta, soinuzko alderdia ere erantsi nahi izan dugu“, diote egileek. Auzokoei enbarazu ez egitea eta kostu ekonomiko handia ez izatea zen erronka. “Musika hiriaren identitate-ikurretako bat izan da, eta horrela da orain ere. Hasi une bereziki kuttunetan, Gasteizko jaietan esaterako, oraindik ere entzuten diren herri-abestiekin, eta buka Azkena Rock jaialdiarekin eta Jazzaldiarekin. Hor daude, esaterako, Iradier eta Donnay, baina baita Potato, Joselu Anaiak eta Hertzainak ere“.
KZ guneetako irakasle Sergio Torresek garatu du alde teknikoa, eta bilerak egin dira musikarekin lotutako hainbat pertsonarekin, hala nola Maite Gomez, Carmen Martinez Guerra, Josune Barandiaran eta Angel Alday. “Orotara Araban sortutako edo arabar taldeek interpretatutako 100 abestik osatzen dute zerrenda; hori eskuratzeko, nahikoa da QR kodea irakurtzea“, argitu dute.
Nazio Batuak
Irantzu Lekuek adierazi duenez, prozesua garatzeko Unesco Etxearen bitartez Genevan, Nazio Batuen Erakundearen egoitzan, egin zuen egonaldian lortutako esperientziaz eta “kontzeptualizazio mailaz” baliatu da. Euskal Herriko sei emakume artista joan ziren bertara, zentroaren zuzendariarekin batera. “Denbora luzea daramagu eraldaketa soziala lantzen hainbat kultur eta gizarte eragilerekin, kultur ekosistema berria sortzearen alde egiten, artea arteagatik beragatik balioesten duen eta tresna gisa erabiltzearen aldeko apustua egiten duen ekosistema“, artistaren hitzetan. Azaldu duenez, Genevako egonaldia “jauzi kualitatiboa, aurrerapauso handia izan zen proiektu askoren definizioan, besteak beste, eraldaketa sozialerako muralena. “San Martinen eraldaketaren aldeko apustua egin dugu: komunitateen arteko loturak sortuz, leku ederragoetan bizitzearen aldeko apustua eginez, eta une zailak bizi izan dituzten pertsonei aukerak emanez“, esan du Lekuek, hirugarren graduan dauden pertsonak kontratatzeko erabakiari aipamen eginez.
“Eredu horixe aplikatu dugu San Martinen, komunitatearen arteko loturak indartuz eta eredu hori hirietan (Gasteiz), herri txikietan (Ubidea, 170 biztanle) edo handiagoetan (Derio) aplikatu daitekeela erakutsiz“, gehitu du.
Haren ustez, “sorkuntza esperientzietara hurbiltzen garenean, gure begirada aldatu egiten da, eta horrek eragina du munduari begiratzeko dugun moduan, enpatikoagoak garen ala ez, beste errealitate batzuk ulertzeko prest gauden…” ; Lekuek azaldu du, halaber, “pertsona batek gauzak ikasten dituen neurrian, hirugarrenei ere transmititzen” dizkiela. Haren esanetan, “adituen ahotsak” entzun nahi ditu, “beste errealitate batzuetatik datozen ahotsak, Nazio Batuen Erakundearen testuinguruan, artearen eta kulturaren balioa nabarmentzen dutenak“. Elssie Ansareo, Irene Basilio Intxausti, Irantzu Lekue, Leire Martínez, Jone Otero eta Arrate Velasco artista eta kultur eragileak joan ziren Genevara. NBEren Giza Eskubideen Kontseiluaren 37. saioaldira joan ziren.