Etxepare institutuak Irantzu Lekue hautatu du Argentinan proiektu berri bat egiteko

Euskal artistak hiru horma-irudi egingo ditu Argentinan: bi Mendozan eta beste bat Patagonian, Neuquen hirian 

Neuqueneko Artearen Laugarren Bienalera gonbidatu dute artista, Museo a cielo abierto sekziora

GASTEIZ. Irantzu Lekue euskal artista garaikideak duela hiru aste itxi zuen «solo» erakusketa Salonicako Govedarou arte-galerian, Grezian. Eta, gaur, abian da berriro: helmuga, Buenos Aires. Bada, Etxepare Euskal Institutuak (euskal artea kanpoaldean hedatzeko erakundeak) bere proiektuarekin hautatu ondoren abiatu da. Epaimahaiak Zortziko proposamenaren alde egin zuen, non Lekuek identitateen «eraikuntza – deseraikuntza» jorratzen duen. Izan ere, euskal diasporarekin nolabaiteko lotura duten pertsonen elkarrizketen eta lekukotzen harira eratutako kontakizunak modu kolektiboan eraikitzea proposatzen du proiektuak, topikoak deseraiki eta benetako esperientzien bizipen-kontakizunak eraikitzeko horrela.

«Proiektua dokumentuen ikerketan, diziplinartekotasunean eta hibridazio artistikoan oinarritzen da, bizipenen mosaiko bat irudikatu eta eguneratzeko», baieztatu du. Horri begira, bertsolaritza, dantza garaikidea, kontakizun eta tresna digitalak, ahozko komunikazioa, akuarela eta linealak ez diren narratiba bisualak elkartu ditu, muralismoaren bidez.  «Denbora, tokia eta identitatea bezalako kontzeptuetatik abiatuko naiz, Zortzikoaren inguruan linealak ez diren narratibak eraikitzeko», azaldu du.

 

Haiku bisualak

Horretarako, Japoniako poesian zutabe den haikuan eta ekialdeko sortzaileek haiku bisualetara egindako itzulpenetan bilatu du inspirazioa Lekuek. Hala, musikariek eta dantzariek, poetek edo bertsolariek eta, are, euskal konpositoreek ere erabili izan duten erritmoaren historian sakontzen du proiektuak. Zortzikoaren metrika erabilita, 8 bertsoz osaturiko estrofa bat sortuko da, dantzaren eta pinturaren bidez interpretatuko dena, tradizionala eta garaikidea fusionatuz eta sekuentzia narratibo berri bat sortuz. Artista arabarra abenduaren 24ra arte egongo da herrialde latinoamerikarrean. Lehengo lana Mendozan egingo du, Andeak mendikatearen azpian. Gero, Neuqueneraino joango da, Patagoniara. Han, Neuqueneko Artearen Laugarren Bienalean lan egitera gonbidatu dute artista, Museo a cielo abierto sekziora.

 

Euskararen Nazioarteko Eguna

Agendan, halaber, hainbat arte-galeria eta gune artistikotara egin beharreko bisitak ez ezik, euskal diasporarekin batera gauzatzeko lantegiak eta hitzaldiak ere jasotzen dira. «Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Argentinako euskal komunitateak Mendozan egingo duen ekintzan parte hartzeko modua diseinatzen ari gara», gaineratu du.

Bada, proiektu hori egiteko hautapenak 948 Merkatua izeneko arteen azokarako hautapenarekin dauka zerikusia: artista arabarrak pasa den ostiralean aurkeztu zuen Tecnaliarekin elkarlanean garatzen ari den proiektua Iruñeko Baluarte jauregian, 948 Merkatuaren esparruan. 80tik gora proiektu aurkeztu ziren, eta 12 bakarrik hautatu zituzten ikus-entzuleen aurrean aurkezteko. Horietako bat, hain zuzen ere, Irantzu Lekueren El Trenico izan zen, «zeinak artea eta teknologia, artea eta errealitate areagotua lotzen dituen» eta, esan duenez, «oso aplikazio interesgarriak dauzkan askotariko eremuetan; hala nola, historian, hezkuntzan edo turismoan».

Lekue, era berean, Loreen abstrakzioa lana amaitu ondoren joan da hegaz Argentinaraino. Proiektu horretan, Jose Luis Zumetaren txoriekin partekatu du artelana, artista hark bere eskultura-instalazioa sortzeko erabili zituen koloreak eta formak oinarri hartuta. Adierazi duenez, «Loreen barrualdea berrinterpretatu nahi izan dut. Zumetaren hegaztiek testuinguru bat ematen diote tokiari, eta loreen bidez lurraren sakontasunetara barreiatzearen alde egin dut nik». Hala, Jose Luis Zumeta, Remigio Mendiburu, Alejandro Tapia edo Iñaki Olazabal euskal artista handiek Usurbilen egindako esku-hartzeekin bat egin du Irantzu Lekuek. Hurrengoa Judas Arrieta izango da.