Emakume sortzaileen inguruko proiektua Agurainera eta Amurriora helduko da datorren asteanIrantzu Lekue, Arabako Foru Aldundia eta Aguraingo eta Amurrioko Udalen arteko elkarlaneko ekimena da
GASTEIZ. Gasteiz-en aurkeztu zuen Irantzu Lekue artista gasteiztarrak Eraldaketa: SortzaileON afera proiektua eta orain, Oihaneder Euskararen Etxean abiatu zen erakusketak Arabatik egingo du bira. “Oso pozik nago Aiaraldea eta Lautadan bira egiteko aukerarekin. Horrelakoak ez dira oso maiz gertatzen baina, oraingoan, eta Arabako Foru Aldundiaren apustuari esker, erakusketa proiektua ekoiztu dugun tokietara eraman ahal izango dugu”, azaldu du Lekuek. Sorkuntza-prozesuari erreparatzen dio, emakume sortzaileen sorkuntza-jarduera oinarri izanik. Egitasmoaren azken fasea den erakusketa Gasteizen aurkeztu ostean, Arabara zabaltzeko pausua eman du orain, Agurain eta Amurriora eramaten Arabako Foru Aldundiak, Agurain eta Amurrioko udalek eta artista berak koordinatutako ekimenean. Bira, ostera, ez du bakarrik egingo Lekuek, berarekin batera Arabako emakumezko artista garrantzitsuek lagunduko dutelako “hibridazioa landu nahi izan dugu, balore erantsi moduan Arabako emakumezko artistok egiten ari garen lana ikustarazi nahi dugulako. Horregatik, arte eszenikoak, plastikoak edota bertsolaritza uztartuz puntu performatiboa landu nahi izan dugu, publiko berrietara iristeko, artearen bidez pertsonengan eragiteko. Ederra izango da, berritzailea”, adierazi du artistak.
Agurainen azaroaren 27tik abenduaren 9ra egongo da ikusgai erakusketa eta Amurrion abenduaren 11tik 21era. Ikus-entzunezko obrez gain, Errementari filmeko atrezzoak egongo dira ikusgai, Izaskun Urkijo arte zuzendariaren lanak.
Bira hau Foru Aldundiko Kultura Saileko Arabako Kulturaren Plan Estrategikoaren barnean. Lurralde osoan zehar kultura ekimenak sendotzea bilatzen da, tokiko arduradunekin elkarlanean eta Plan Estrategikoaren ildoak diren tokiko sorkuntzari eskainitako babesa eta kultura eta berdintasuna, gazteria eta euskararen ardatzak azpimarratuz.
12 emakume sortzaile euskaldunei egindako elkarrizketetan jasotako testigantza, ideia eta sentsazioekin, Lekuek, Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinemagilearen laguntzaz, pantaila anitzeko erakusketa bat aurkezten du, gogoeta bultzatu nahi duten ikus-entzunezko pieza desberdinekin: elkarrizketen laburpenak, parte hartu zuten emakumeen testigantzak biltzen dituen dokumental laburra eta “In zian rez / Arag rez” izenburu duen bideo-artea, gaur egungo gizartearen eraikuntzaz eta gizarte berri bat osatzeko beharrei buruzkoa.
Erakusketak hausnarketa oinarritzat badu, sorkuntza berari erreparatuko dioten saio bereziak antolatuko dituzte bai Agurainen zein Amurrion. Disziplina desberdinetako sortzaile arabarrak bilduko dituzte beste behin ere, emakumeen eta euskarazko sorkuntza ezagutarazi eta ikusleei hurbiltzeko. Agurainen abenduaren 1ean izango da saioa (12:00etan) eta bertan Blanka Gomez de Segura, Irantzu Lekue, Yanela Murua, Aroa Arrizubieta bertsolaria eta Jaione Kantaktriz abeslaria izango dira. Amurrion, aldiz, abenduaren 13an (19:00etan) izango da eta Gomez de Segura, Lekue eta Muruari Ane Gebara ipuin kontalaria, Izar Mendiguren bertsolaria eta Orbanak taldea batuko zaizkie.
Udaberrian abiatu zen proiektuak sorkuntza-prozesuari erreparatzea du helburu. Emakume sortzaileen sorkuntza-jarduera oinarri, Arabatik, euskaraz eta emakume sortzaileon papera indartuz. Hilabete horietan, Arabatik zehar solasaldi ezberdinak antolatu zituzten Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan euskarazko mugimendua sortzeko, klabe garaikidean, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udalaren “Gazte sortzaileak” bekari esker.
Egitasmoan Zuriñe Hidalgo abeslaria, Izaskun Urkijo arte zuzendaria, Ane Rodriguez Armendaritz Tabakalerako zuzendaria, Blanka Gomez de Segura Euskal Keramika Museoaren arduraduna, Garazi Lopez de Armentia koreografa eta Baratza aretoko sortzailea, Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak, Huntza taldeko Josune Arakistain, Haizea Barcenilla arte kritikari eta komisarioa, Irati Jimenez idazlea, Iosune de Goñi idazle eta argazkilaria eta Yanela Murua dantzariak parte hartu dute.
Irantzu Lekue (Araba, 1987) artista eta ARTgia sorgune aretoko zuzendaria da. Giza-artea, arte kontzeptuala, artivismoa eta arte irisgarria lantzen ditu instalazio artistiko, bideo-arte, pintura eta eskulturaren bitartez. Fundación Banco Santander-ek antolatutako Videotalentos saria, Fundación Canalen Memorias Fotográficas saria edota Welcome Donostia 2016 sariak irabazi ditu, besteak beste, eta “Aztarnak” instalazio artistikoarekin itxi zuen Donostia 2016ko Energia Olatuak programa. Orain, #Fem_RIGHTS erakusketa prestatzen dabil Montehermoson, UNESCO etxearen kolaborazioarekin emakumeen eskubideen urraketak lantzen dituena. Azken hilabeteetan mural partehartzaile desberdinak garatu ditu Ubiden, Iurretan eta Eharin.