Arte garaikideak leku propioa izan dezan ARTgia aretoa aurkeztu du Irantzu Lekue artistak

  • “Argia den… mira hadi” abesten zuen Mikel Laboak. Argiatik ARTgia-ra egin du Irantzu Lekue artistak salto. “Kulturaren argia pizteko, indartzeko, argitzen laguntzeko gune berri bat jaio da Gasteizko Judimendi auzoan”.

  • Gasteiz eta Arabako kultura dinamizatzeko jaio den gunea da, sorgunea, galeria: “hibridazioa helburu sormena ardatz kulturaren arnasgunea izango da”, azaldu du Lekuek. “Arte garaikidea, kultura eta euskara barnebiltzen dituen egitasmoa da”.

GASTEIZ. Urtebete lanaren ostean abian da ARTgia aretoa, Irantzu Lekue artistaren azken proiektua. “Etengabeko eraikuntzan dagoena, gardena, malgua, non dena gerta daitekeen”. Lekuek azaldutakoaren arabera, gune berri honen helburua da “sortzeko baldintzak bultzatzea, toki katalizatzaile bat izatea, trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa eragiteko, sormena oinarri eta sorkuntza garaikidea xede”. Proposamen artistikoen hibridazioa aktiboki sustatzeko gunea, norbanakoen proposamenena, baina baita kolektiboena ere, hainbat arlotatik. “Ekoizpen artistikorako ez ezik, jendartearen eta herritarren ekoizpenerako tresna izango dena”.

Sorkuntza artistiko eta kultura-kudeaketarako proiektua da Gasteizen aurkeztutakoa, baina baita “plataforma bat ere, topagune eta erakustoki”. Horretarako, sorkuntza artistikoa kudeatzeko eta antolatzeko bestelako ereduak ikertzeko apustua egiten du, estrategia berritzaileen alde eginda, parte-hartzea sustatzeko bideak bultzatzeko, “sorkuntzaren, arte-erabiltzaileen eta jendartearen arteko harresi -orain arte- zeharkagaitza hautsiko duten bideak”. Hau da, lankidetzan ardazturiko filosofia oinarri, bere baliabideak osatzen ditu ibilbide eta jatorri desberdinetako sortzaileen arteko truke-faseekin eta, hala, “sortzeko, antolatzeko eta jendartearen eta ekintza artistikoaren arteko harremanetarako bestelako formulak bilatzen ditu”. Truke, hibridazio eta elkarrizketa artistikorako tokia, artistentzat, sortzaileentzat, kultur eragileentzat eta oro har jendartearentzat, erdigunean sormena, ikerketa, esperimentazioa, berrikuntza eta hedapen artistikoa jarrita.

Behar bati erantzun nahi dion espazioa dela azpimarratu du Lekuek, “Gasteizek kultur sorkuntzarako horrelako lekua behar zuela erakusten digutelako egunotan jasotako proposamenek”. “Gaur aurkezten dugu, gaur ematen dugu publikoki ezagutzera baina gaur arte hainbat dira hartu dituen ekimenak, tartean, Orainaldian laissez faire trailerraren aurkezpena, Eusko Jaurlaritzaren Ikertu egitasmoaren hainbat bilera edota Eider Bernaola argazkilariaren Ikuspegiak proiektuaren aurkezpen eta erakusketa Gauekoak eta Gasteizko Udaleko Gazteria zerbitzuaren eskutik”.

“Gune bizia da, eta, ondorioz, moldakorra: ingurunera, auzora eta prozesu artistikoetan eta denboran aldakorretan sortzen diren beharretara. Hirigunearen ertzetatik at jaiotako gunea, Gasteizko zonalde berezi batean”. Belen Nevadok esaten duen moduan “Gasteizko Londres-en”, behin etxe merkeak izan ziren etxeen berdeguneen zonaldean abiatu dena “eta jaiotza hori aldarrikatzen dut, artea eta kultura auzoetara ere eramateko”. Hori guztia apustu eginda, gainera, euskara izan dadin komunikazio-hizkuntza, hau da, osagai aktiboa artetik eta Gasteiztik euskarazko sorkuntza plastiko eta bisuala -modu aktiboan- sustatzeko eginkizunean.

ARTgiaren instalazioetan, denetik egingo da: bilerak, jardunaldiak, aurkezpenak, grabaketak, proiekzioak, proiektuen garapena eta hainbat sektore sozialen arteko elkarrizketa, bai eta hainbat diziplinatara bideratutako jardunbide artistikoak ere. Hala, ziklo sortzailearen ia fase guztiak aseko ditu: sorkuntzatik zabalkundera, prestakuntza tarteko, lan-prozesuak ere erakutsita.

Lekue izango da proiektuaren zuzendaria baina “talde motor baten laguntzarekin beteko dut eginkizun hori”. Emakumea eta gazteria sorkuntza eta berrikuntzara bideratutako gune batek batuta. “Gune irekia sorkuntzak, ekimenak, jarduerak, proposamenak, kolaborazioak, ezagutzen eta esperientzien trukea… garatzeko, eredu misto honi esker sortuak: ekimen pribatutik jaioa, baina irekia”.

Hala, ARTgiaren instalazioetan, sorkuntza-fasean dauden proiektuak hartuko dira, eta laguntza-zerbitzua eskainiko du ibilbide profesionalen garapenerako, hala nola hasierako prestakuntza-zerbitzu etengabeak, proiektuen zabalkundea barne. Horrenbestez, ARTgia jaio da aukerak irekitzeko nahiarekin, sortzaile gazteenek ere izan dezaten aukera lehen urratsak beren gaitasunen garapenerantz eta osteko profesionalizaziorantz egiteko. “Gazteak baina baita aski ezagunak diren artistak ere”.

Hau guztia burutzeko tresnak artisten arteko trukeak eta kolaborazioak, egonaldi artistikoak, erakusketa-jarduerak, prestakuntza-tailerrak eta topaketa zein jardunaldi espezializatuak izango dira. Honen guztiaren berri laister emango dute baina “sanferminetarako lehen deialdia argitara ematea da asmoa”.

Egitaraua

Agenda lotzen ari dira baina momentuz hiru dira ekainerako antolatutako ekimenak: Eider Bernaolaren proiektua -ekainaren 9a bitartean-, Baigorrin Etxauzia Jauregian Lekue garatzen ari den “Arnasa 01” serieraren aurkezpena -ekainaren 14an aurkeztuko dena eta ondoren Euskal Herritik bira egingo duena-  eta Belen Nevadok burutuko dituen mikro-antzerkiak, ekainerako antolatu direnak. Gaztetasuna, emakumezkoen taularatzeak eta esperientzia eskutik helduta. Finantziazioari dagokionez azaldu du bere apustu pertsonala dela. “Lokala erabat eraberritu dut eta jasotako laguntza bakarra ekintzailetza proiektu batetik jaso dut -1200 euro-”.

Date: 1 urria, 2017

Category: Gestio Kulturala