Archives

Berritxuko horma irudia

Sormenaren plaza

Hitza, gorputza, isiltasuna

kaosa eta ordena

asmoez amets, bihotzez hots bi

irudiz irudimena

adierazpena, askatasuna

gizakiona, hormena

sentimendu bat, pentsamendu bat

ez al da hasten hor dena?

harria herri, herria irri

bizitza, plaza, sormena

“Euskara, bestela ez gara”, Otxandio

‘Euskara, bestela ez gara’ izeneko horma-irudia Irantzu Lekuek marraztu du asteon Otxandion

Inguruko mendiak eta natura herriguneagaz lotzen ditu irudiak. “Gure hizkuntzak antzinatik gaur egunera izan duen bidea erakutsi gura izan dut, mendi giroan sortu zenetik herrietan garatu zen arte”, azaldu du Lekuek udalaren enkarguz margotu duen horma-irudiari buruz. Irudiko albo batean Vulcano iturria ageri da. “Iturritik urak etenik barik jarioan irteten duen moduan, euskararen erabilerak ere etenik bakoa izan behar lukeela islatu gura du”, dio.

Herritarrek margotzeko aukera izan dute. Joan zen barikuan eskolako ikasleek, eta asteburuan herritarrek.

Lekuek makina bat margo-irudi egin ditu; tartean, bi Iurretan. Oraintsu Katalunian izan da horma-irudi bat egiten, eta hurrengoa Berriatuan egingo du.

Herritarrek eta eskolako gazteek horma irudia margotzen lagundu dute.

Irantzu Lekuek mural berri bat garatu du Montgaten

Artista gasteiztarrak mural parte-hartzaile berri bat aurkeztu du.

Sorkuntzak markatzen du bidea, gizarte-gaiek, konpromiso artistikoak eta ekintza kolektiboak egiten duten bezala. Oraingoan Katalunian, Montgaten zehazki, erakunde publikoekin eta norbanakoekin lankidetzan.

Kataluniako udal honek mural parte-hartzaile bat egitea bultzatu du, ondo ikusten den hiri-eremu batean emakumeenganako indarkeria ezabatzeko borrokari ikusgarritasuna emateko. Lana amaituta dago, inaugurazio ekitaldia Internet bidez ere ikusi ahal izango da.

Revista-Montgat-desembre-2020
IMG-20200511-WA0085

Arraia-Maeztu

Maeztu1

Eusko Jaurlaritzak sustatutako KSI-Berritzaile programaren bidez, Irantzu Lekue 2019an aukeratu zuten artea eta teknologia bateratuko zituen proiektu bat egiteko, Tecnalia Research & Innovationekin batera. Horrela, artistak mural handi bat margotu zuen Arraia-Maeztu herrian, ondoren Tecnaliako taldeak esku hartu zuena.

 

Murala margotzen adin guztietako pertsonek parte hartu zuten, eta euren aletxoa eman zuten berrikuntza-proiektu handi honetan, Euskadin aitzindaria izango dena.

Horma-irudiaren gaia Euskal Herriko trenera bideratuta dago, “El Trenico” izenaz ezagutzen den trenera, hain zuzen ere. Horma-irudia hartzen zuen lekuak nolabaiteko sinbolismoa izan behar zuen jorratu behar zen gaiarekin, eta, horregatik, antzinako tren-geltokitik gertu zegoen harrizko horma bat aukeratu zen. Bertan, faroltxoak, maletak, txilibituak, erlojuak edo tren-txartelak marraztu ziren. Baina, zalantzarik gabe, horma-irudiko protagonistak geltokiari bizia eman zioten pertsonak dira: haurrak txapetan jolasten; pertsonak trenaren zain, hitz egiten eta hotzetik babesten, eta abar. Vasco-Navarro trena aitzindaria izan zen emakumea bere lan ildoetan sartzen; horregatik, garrantzitsua izan zen Laminoriako geltoki buru izandakoa erretratatzea.

 

Horma-irudiak Tecnaliak bere inguruan sortu duen mundu birtualerako leihoa bezala funtzionatzen du. App baten bidez, horma-irudian adierazitako puntu bati begira, errealitate birtual batean murgiltzen gara, trenikoaren, trenbide zaharren eta digitalki erreproduzitutako beste hainbeste objekturen erreprodukzioa ikusteko aukera ematen diguna. Gainera, Tecnaliako taldeak trenaren traketsa edo herriko emakume batzuen testigantzak bezalako soinuak sartu ahal izan ditu.

 

Vasco-Navarro trena martxan jartzeak hazkunde ekonomiko, sozial eta kultural handia ekarri zion Arraia-Maeztu herriari eta Arabako lautadari. Inauguratu eta ia mende bat geroago, Trenikoa berriz ere arretagai izango da, artea eta teknologia batzen dituzten errealitate areagotuko horma-irudi askoren artean lehena izatea espero den protagonista izateko, eta diziplina horien artean zeuden oztopo ikusezinak apurtzeko.

 

Horma-irudi hau Arraia-Maeztuko Udalaren, KSI Berritzaile programaren, Vital Fundazioaren, Tecnaliaren, Arraia-Maeztuko bizilagunen eta Irantzu Lekue artistaren arteko lankidetzari esker egin da. 

Informazio gehiago Mendialdea Irratiko saio honetan:

IᐯOO᙭
ᔕᑭOTIᖴY

Maeztu7
Maeztu5
Mural Maeztu6
Maeztu3
Maeztu2
Maeztu4
Barrundia1

Barrundia, Araba

Barrundia1

Ozaeta/Barrundia AHTaren (Abiadura Handiko Trena) pasabidearen eragina jasango duen Arabako lautadako herrietako bat da. Herriko bizilagunek herriko balioak, tradizioak eta ingurunea balioesteko horma-irudi bat margotzen lagundu zuten, eta mezu hau helarazi zuten: AHTari ez.

 

Herriaren sarrerako etxola txiki batean dagoen horma-irudiak etxolako lau hormetako hiru hartzen ditu. Bereizgarria da etxolaren izkinetako bat hartzen duen zirkulu kromatiko handia, zeinaren koloreek Barrundiaren ezaugarrietako bati erreferentzia egiten baitiote: urdin kolorea urtegiko urarentzat; tonu horiek zerealen laborantza irudikatzen dute; berdea mendiak; eta abar. Oso sinbolikoa da, halaber, Gebara Jauregiaren irudikapena, inguruko nekazaritza-jardunbideen aipamen gisa, lekaleen laborantzarena, adibidez.

Muralean ezin ziren ardiak falta, “inguruan biztanle baino ardi gehiago dago”, esan zuten herriko bizilagunek murala diseinatzeko prozesuan. Gazta edo sagarra, zeinetatik sagardoa egiten den, horma-irudian aurki ditzakegun beste elementu batzuk dira. Garrantzi berezia hartzen du txinga  (herri kirolak) batzuei eutsiz aurrerantz doan emakume gorputz baten irduikapena, kamiseta more bat janzten duenak, inguruko talde feministari aipamen txiki bat eginez.

Barrundia2
Mural Barrundia ANTES
Mural Barrundia SIN TERMINAR1
Barrundia SIN TERMINAR2
Durruma

Durruma, Araba

Durruma

Donemiliagako San Roman, Durruma bezala ezaguna, Arabako hiriburutik 30 km eskasera dagoen herri bat da, bere lautadatik AHT (Abiadura Handiko Trena) igarotzea aurreikusten delarik. AHTrik ez! plataformatik, herriko Udalarekin batera, artistarekin harremanetan jarri ziren herriko sarrerako hormetako batean mural bat egiteko.

Izaera duen horma-irudi bat; ingurunea, bertako jendea, tradizioak eta helarazi nahi zuten mezua islatuko zituena: AHTrik ez. Ideia horiekin diseinatu zuen artistak, Durrumako haur eta helduekin elkarlanean, herriko sarreran ongietorria ematen duen murala.

Arabako mendiak, Toberiako ur-jauziak (neguan izozteagatik ezagunak direnak) edo herriko etxeak dira horma-irudian irudikatu ziren arrazoietako batzuk, AHTrik ez! bandera altxatzen zuten edo herriko kirolak egiten agertzen diren haurrekin batera.

Durruma
_DSC0516

“Loreen abstrakzioa” arte interbentzioa aurkeztu du Irantzu Lekuek Usurbilen

Lekueren arte interbentzioa Jose Luis Zumetaren txori eskultorikoen ondoan kokatu dute. Horregatik, Lekuek Zumetaren kolore eta formak hartu ditu oinarri

Loreen barru-aldea berrinterpretatu nahi izan dut. Zumetaren txoriek testuingurua eskaintzen diote lekuari eta nik txori horien habitat-a berreskuratu nahi izan dut, naturaren formak herriko kaskora ekarriz”

DONOSTIA. Usurbilgo erdigunea herriak historian zehar bizitakoa azaltzen duten eskultura eta muralez gainezka dago. Orain, Irantzu Lekue artista garaikide eta horma irudigilearen arabarraren aurkeztu dute “Loreen abstrakzioa” deiturikoa. Artea kalean da Usurbilen eta hamaika dira artelanak dituzten kale, plaza edo jolaslekuak. Ibilbide emankorra duten euskal artisten erakustoki irekia da herria. Besteak beste, Jose Luis Zumeta, Remigio Mendiburu, Alejandro Tapia edo Iñaki Olazabal artisten lanak daude ikusgai eta orain, Irantzu Lekue-rena gehitu zaie. Ez da bakarra izango: laister Judas Arrieta hondarribiko artistak berea egingo du.

Hainbat aste igaro ditu Lekuek Usurbilen lanean. “Guztira 120 metro karratu inguru margotu ditu”, esan du Agurtzane Solabarrieta alkateak. Arte interbentzioa Kale Nagusia eta Askatasunaren Plazaren artean dagoen pasabidean burutu du.

Kolorea da orain nagusi duela gutxi arte iluna eta hotza zen pasabide honetan. “Lekua ikustera etorri nintzenean Jose Luis Zumetaren artelanari so geratu nintzen. Hiru txori eskultoriko ditu bertan eta artelan hauek elkarrekin bizi behar direlako, Jose Luis-en kolore eta formak hartu ditut oinarri”. “Bozetoekin ahsi nintzen orduan eta perspektiba asko izango zituen artelana osatuko nuela erabaki nuen, besteak beste, eraikinak dituen desnibelekin jolastu ahal izateko”, azaldu du gasteiztarrak.

Lore baten barru aldea berrinterpretatu nahi izan dut. Eraikinearen baitan dagoen pasabide hotz eta iluna izanik natura ekarri nahi izan dut herriko kaskora. Horregatik aukeratu dut lore bat, makro moduan ikusiko duguna eta lorearekin, naturan dagoen bizitzan erreparatu dut”. “Sagrada Familian, Bartzelonan, egin zuten moduan, nik animaliak, insektuak, txori horiek hazteko beharko zuten jana hortxe dagoela irudikatu nahi izan dut. Zementu hotz eta grisaren gainetik organikoa nabarmendu nahi izan dut”.

Margolana abstraktua da. Interpretazioa beraz, libre da. “Bakoitzak modu ezberdinean ulertzen du eta interpretazioak ere oso ezberdinak eta oso anitzak izaten ari dira. Batzuei itsasoa etorri zaie burura, beste batzuei zerua, beste batzuei abiadura… Baina oso giro ona egon da eta bizilagunak oso pozik daude” nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta alkateak.

Usurbilek kaleko artea sustatzeko apustua bere egin du, Harria Hitz bisita gidatuen bidez: Loreen abstrakzioa ere bisitaren parte izango da aurrerantzean

Transmisioa eta emakumearen rola, Judimendiko Ahoz Aho proiektu muralistikoaren ardatzak

Irantzu Lekueren elkarlaneko muralak, mitologiaren ikuspuntutik, emakumeak nekazaritzaren, hizkuntzaren eta artearen egile bezala eta tradizioen edo sinesmen transmisioan izan duen rola izango du ardatz. “Horregatik jazarria izan da emakumea. Horregatik botere erlijiozkoen eta zibilen irudimen obsesibo eta misoginoaren biktima errugabea izan da”, azaltzen du egileak Toti Martinez de Lezea idazle arabatarrarekin soinez soin lan egin duenak murala egiteko. Elkarte askok parte hartuko dute 65 metroko luzera izatera iritsiko duen mural berri horren sorkuntzan.

 

GASTEIZ. Judimendiko parkea historiaz eta sinbolismoz beteta dago. XV. mendera arte finkatu zen judutar elkartearen hilerria: hor ere hiriak udako solstizioa, sua eta magia ospatzen ditu. Irantzu Lekue artista euskaldunak Federico Baraibar kalean kokatuta dagoen horma handi eta beltzean murala egin du. “Muralak lekuan integratu nahi du, estalia, ukatua eta jazarria izan den Historiaren atal bati erreferentzia egingo dio muralak”. Lekuek erdigunean kokatuko du emakumea eta dagokion garrantzia emango dio bizitzaren, sinesmen eta jakinduriaren transmititzaile bezala.

Proiektu muralistiko parte-hartzailea eta berrikuntza sozialekoa izango da, Jose Miguel de Barandiaranek, Rosa Izizek, Felix Placerrek, Ana Izik egindako lanetan oinarrituta sortzen da, eta batez ere Toti Martinez de Lezearen testuetan eta Lekueren eta idazle arabatarraren arteko elkarrizketetan oinarritzen da. Era berean, artista Ekainera, Zugarramurdira, Baltzolara edo Marulegorretara joan da, leku horiek ere inspirazio iturria izan dira orain arte abandonatua eta iluna egon den Federico Baraibar kaleko horman mural ikaragarri hori sortzeko.

“Hasiera batean, sorginkeriaren inguruan lan egin nahi nuen” azaltzen du Lekuek. Sorginak, izaki ilun horiek, kaltegarriak, beldurgarriak, gaizkiaren ikurra, deabrua gurtuaren eta meza beltzaren ezaugarria; konjuruak egiteko, ekaitzak eragiteko, uztak suntsitzeko, ur putzuak edeteko, jende zintzoa pozointzeko, haurrak hiltzeko, akelarrera joateko erratzean hegan egiteko gai zirenak… Zinez izan zirena aldarrikatu nahi nuen: botere erlijiozkoen eta zibilen irudimen obsesibo eta misoginoaren biktima errugabeak. Totirekin izandako elkarrizketak izan eta gero, gaiari horrela ekitea ez zela egokia ulertu genuen; izan ere, diseinua horrelakoa egin izan bagenu, arrazoi emango geniekeen inkisidoreei nahi gabe (piktorikoki behintzat).

Jazarpenak, tragediak, hiru mende iraun zuen Europan. Hor 100.000 pertsona erruztatu zituzten eta 50.000 pertsona baino gehiago sutan eta urkan hil zituzten. “Zuzengabekeria handi horrengatik, inork ez du barkamena eskatu eta guztion subkontzientean oroitzapen ikaratu bat utzi du, folklore balitz bezala geratu dena” dio Toti Martinez de Lezeak”. Elizak, estatuak eta Inkisizioak ez zuten asmatu sorginen sinesmena, pertsonak kontrolatzeko era baizik, beraien irizpideak inposatzeko eta sinesmen zaharrak eta tradizioak ezabatzeko beste erlijio batzuekin, heterodoxoekin, eszeptikoekin, disidente politikoekin edo matxinoekin bukatzeko. Gertatutako hilketen errudunak izan ziren, kristau ikasbidearen eta lege zibilen interpretazioa kriminalen eskuetan uzteagatik. Gizabanako horiek, inolako zalantzarik gabe, gaiztoak eta sadikoak ziren eta pertsonen bizitza pribatuak kontrolatu zituzten, adierazpen eta kredoen askatasuna suntsitu zituzten, ideien zirkulazioa debekatu zuten, gizartearen beheko mailekin, babesteko baliabide gutxiko jendearekin krudelak izan ziren” adierazten du.

Herri iruditerian errotu diren iritziak eta ikuspegiak albo batera utzi -errealitatearekin zerikuzirik ez daukatelako-, eta azkenik, “alde onera” eraman da proiektuaren eboluzioa, eta emakumea gizadiaren Historian benetan nolakoa izan den ikusarazi nahi da. Tribuko hastiaren irudiak, adibidez, gure baitako ikonografian erro sakonak dituen irudia da. Hala ere, Martinez de Lezeak azaltzen duenez, “lehenengo xamanak emakumeak ziren, haiek baitziren bizitza ematen zutenak eta amatasuna misterio handia baitzen, beste emakumeak jaiotzaren erritoez arduratzen ziren eta horren ondorioz, Ama-Jainkosari laguntza eskatzeaz ere arduratzen ziren”. Gauza bera gertatzen da nekazaritzarekin. “Kultura” hitza latinetik dator eta “laborantza” esan nahi du, lurraren laborantza. Jakina da behin lehen gizakiak leku batean finkatuta, lehenengo nekazariak emakumeak izan zirela. Emakume horiek seme-alabak, adinduak eta gaixoak zaintzen zituzten; bien bitartean, gizonak ehizatzeaz eta lan nekagarriak egiteaz (besteak beste, zuhaitz mozketaz) arduratzen ziren. Hesiaren harria bera aprobetxatu nahi izan dugu muralean integratzeko, amarru baten bidez hesiaren harria leizaren zati bihurtuko da. Horrela, sentsazio berriak sortuko zaizkio egunero hor ibiltzen den jendeari. Esperientzia artístiko hori auzolan bidez egingo da, prozesu parte hartzaile baten barruan”, dio Lekuek.

Erlijioarekin gertatzen den moduan, leizetako margolariak irudikatzen ditugunean, gizon baten irudia etortzen zaigu burura. Hala ere, emakumeek lehenengo landare tindagai eta tindagai mineralak aurkitu eta egin zituzten, larruak eta lana margotzeko, Martinez de Lezeak azaltzen duenez. “Logikoa da pentsatzea beraiek izan zirela leizeak margotzen zituztenak. Eskuen arrastoa uztea baino zerbait errazagorik ba al dago? Emakumeak ere izan ziren buztina asmatu zituztenak ontziak egiteko hor sukaldatzeko eta biltegian gordetzeko eta, zergatik ez, modelatzeko.

 

Amari

II. mendean Europako hainbat lekutako artean Ama-Jainkosaren izenpeko tenpluak eraikitzen zituzten. Euskal Herrian ez zeukaten tenplurik, gure arbasoen sinesmena funtzean naturista zelako. AMARI Jainkosa, “ama-ari-da”, ama ari dena, ez da Mari, Marik ez du ezer esan nahi euskaraz, “euskara hizkuntza figuratiboa da, hori dela eta, oso arraroa da gure kulturaren jainkotasun nagusi bakarra horrela deitzea”. Amari izenari “A” kenduz gero, izena Mari bihurtzen da, kristau egiteko era erraza, Martinez de Lezea azaltzen duenez.

Gizarte matriarkal batetik eredu patriarkal batera aldatzeko arrazoiak tribu nomadak finkatzearekin zerikusi handia izan zuen. Gertaera horrek berekin JABETZA, KONKISTA, botere ekonomikoa eta militarra ekarri zituen berarekin. Gehien zeukanak boterea lortzen zuen. Emakumeak, arrazaren eta etorkiaren transmititzaile bezala, gizonezkoen leinuaren transmisioa babestuko zuen balio bat izatera pasa zuen. Erabakiak hartzea, ondasunak edukitzea, ikastea eta aske izatea debekatu zieten. Hala ere, apurka-apurka, Historiak erakusten digu ikasi, idatzi, irakatsi eta margotzen zuten emakumeak bazeudela. Hala eta guztiz ere, emakume horiek zekitena asko edo gutxi beraien alabei transmititzen zieten. Tradizioen, sinesmen eta hizkuntzaren transmisioaren zeregina emakumeen lana izan da.

Horrela, Lekueren muralean emakumeak agertuko dira Historian zehar. Emankortasunaren jainkosa edo kreazioaren jainkotasuna ikusiko ditugu. Ohituren edo errituen erakusketa izango da. Pigmentuen aurkitzen, leizeak margotzen, ahozko transmisioa lantzen dituzten emakumeak ikusiko ditugu. “Ibai bat ere ikustea nahi dut. Judimendik ibaiak dauzka eta ikertzen nuen bitartean udako solstizioari lotuta dauden hainbat tradizio ezagutu ditut. Araban, adibidez, ibaian bainatzen ziren gorputza sendotzeko; iturrietan ilea garbitzen zuten gogorrago eta gehiago hazteko; goizeko ihintzarekin belarretan iraulkarazten ziren larruazaleko gaixotasunetatik babesteko; iturrira edo ibaira botatzen zituzten lanabesak, aitzurrak, aiztoak, aizkorak, ilargiaren argiak zorrozteko. Sendabelarrak ere jasotzen zituzten, uste baitzuten udako solstizioko egunsentian sendatzeko ezaugarriak izango zituztela; edo suak pizten zituzten eguzkiak dirdira ematen jarraitzera animatzeko.

 

Filli in-ekiko lankidetza

Murala Judimendi auzoan egingo da; gainera, auzo horrek osagai artistiko handi bat dauka, Gasteizko graffitti-ak eta Street art-ak “gotorlekua”, gordelekua aurkitu dutelako Judimenndin (eta Santa Luzian). Horrela bada, teknika aldetik Fill in culture elkarteak parte hartuko du. Elkarte horrek hiriko sortzailerik emankorrenetarikoak dauzka. “Bi teknika lotuko ditugu: graffittiarena eta muralismoarena. Lekueren pintzelak eta gure espraiak lotuko ditugu. Nolabait ere, graffittiaren hastapenetara bueltatuko gara eta hau atsegin dugu” adierazi du Aratz RB-k Fill in Culture-tik. “Orain arte mural batzuk egin dira teknika hori erabiliz, baina ez dira ugari, batez ere teknika bata edo bestea erabiliz egin izan dira. Salbuespena da Sebas Velascorekin egindako lanak, baina horretaz aparte ez dira asko” azaltzen du.

Duda-X historikoak Fill in Cultureko kideei azaldu zien 80ko hamarkadan, espraiak pixkanaka-pixkanaka Gasteizera ailegatzen zirenean, nola lehenengo eta behin horma pintura plastikoarekin prestatzen zuten eta gero espraiarekin bukatzen zuten” dio Aratzek. “Bi teknika horiek lotuko dira era natural batean Judimendiko auzoan, hormaren neurriek laguntzen dutelako lotura hori lortzen. Lekua edertuko da, orain arte zikina eta tag-ez beteta eta, are gehiago, emakumeak historian zehar izan duen garrantzia ikusaraziko da”. Gauzak horrela, irailean egon dira Judimendin gehien gustatzen zaiena egiten: margotzea eta guztiok gonbidatzea beraiekin gozatzera.

 

Iratxoak parkean

Ahoz aho Judimendiko parkeraino iritsiko da, euskal mitologiako 5 pertsonaia egongo baitira hor. Sakabanatuta egongo dira eta ez da esango non egongo diren parkera hurbiltzen direnek magiazko izaki horiek bilatzeko, “Inxixu, Ieltxu, Ipotx, Mamarru eta Galtxagorri Judimendiko parkean egongo dira eta egin nahi duguna da etxeko txikiei jolas bat proposatu nahi diegu: pertsonaiak bilatzera eta aurkitzera gonbidatuko ditugu” dio Lekuek.

Ahoz aho ingurune naturala nagusi izan da proiektu muralistiko horretan gure arbasoen errituak eta jentilen sinesmenak elkarrekin biziko dira; gainera, leku hori berariaz aukeratu da murala leku horretan integratzeko asmoz. Proiektua posible izango da Vitoria-Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren Haziak lehiaketari esker.

Bizkaian sortu du Irantzu Lekuek azken lana: Ubiden herritartasuna sendotzeko horma irudia

Herritarren heren batek hartu dute parte horma irudia egiteko prozesu parte hartzailea. Undurraga eta Legutioko urtegiak batzen dituen “sei prima” putzuan sortu dute.

Irantzu Lekue artistak azaldutakoaren arabera euskara, generoa eta parte hartzea uztartu dituzte “denon artean horma irudia osatzeko”. Eraldaketa soziala du helburu.

UBIDE. Hiru aste eman dituzte Ubideko herritarrek herri sarreran dagoen putzuaren etxolan horma irudi bat sortzeko, Gasteizko Irantzu Lekue muralistaren gidaritzapean burutu den prozesu parte hartzailea izan da eta herriaren 174 biztanleek heren batek parte hartu du. Ubide Araba eta Bizkaia artean dagoen herri txikia da. Gorbea mendiaren magalean, asko dira astebururo Motxotegi,Satzipeta edo Gorbea igotzeko Ubidera joaten diren mendizaleak. Herriaren sarreran Undurraga eta Legutioko urtegiak batzen dituen “sei prima” putzua dago, eraikin batek estalita eta bertan burutu dute hain zuzen artelana, auzolanean “sastrakak kendu ostean”. Agurtzane Bengoa Abasolo udal teknikariak azaldutakoaren arabera, oso pozik daude ubideztarrak prozesuarekin “batzuek hasierako idei jasan parte hartu zutelako eta beste batzuek, margotzen aritu direlako. Bakoitzak ahal zuenaren arabera eman du, ordutegi, eginbehar eta gogoen arabera hartu du parte baina giro aparta sortu du prozesuak”.

Artistaren hitzetan, “oso harrera ona izan du proiektuak hasieratik eta poz-pozik gaude bizi dugun guztiarekin. Ubideko herriari parte hartzea eskertu nahi diot. Eta baita zoriondu ere, lortutako emaitzagatik. Agurtzane Bengoa Abasolok nabarmendu du “herriak duen ikazkin tradizioa, estraperloa -Bizkaia eta Arabaren arteko mugan egoteagatik-, Ubideko pagadi zabalak edo ura eta mendiarekin dugun harreman estua” eraman dituztela horma irudira “Ubiden bizi eta hazi nahi dugula aldarrikatzeko, gure izana zabaltzeko, lehen itxura hobetzeko eta, finean, sustraietara jotzeko”.

Ubideko Udalak bultzatutako ekimen honek herritarren parte hartzea eta gizarte eraldaketa izan ditu ardatz, eta artea, euskara, generoa eta tradizioak hizpide.Irantzu Lekueren muralismoak mundua edertzea du helburu. Eta baita herritartasuna sortzea eta sendotzea ere. Komunitatea sendotzean arteak izan dezakeen garrantzia nabarmendu du Irantzu Lekuek, “ez baita soilik ingurua edertzea baizik eta hori bezain inportantea delako komunitatea eratzea, ezberdinen arteko zubiak eraikitzea, batak bestea ezagutzea, sinergiak sortzea. Eta horixe bera da Ubiden egin duguna eraldaketa gauza txikietatik hasten delako. Artistak horretarako propio sortutako dinamika eta saioen bidez, Ubideko herritarrekin garatu du horma irudia, udalerriko hainbat ikur, iraganaldiko eta orainaldikoak, iruditzeko.

Nazio Batuak

Irantzu Lekuek Genevan egindako egonaldiaren ostean abiatu zuen “gizarte eraldaketarako horma irudigintza”. Unesco Etxearekin batera egindako egonaldi artistikoan izan zen. Euskal herriko sei emakume sortzaile joan ziren martxoan Geneva-ra, Nazio Batuen egoitzara. Suitzan Elssie Ansareo, Irene Basilio Intxausti, Irantzu Lekue, Leire Martinez, Jone Otero eta Arrate Velasco-k Giza Eskubideen Kontseiluaren hainbat organismotan zuzeneko esku-hartzea izan zuten “arte eta kultura hizpide, eskubide gisa”.

Unesco Etxearen programak hezkuntza-eskubidearen edo kultura-eskubideen arloetako tresnei buruz sakondu zuen eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluko 37º bilera-saioen parte hartuko zuten sortzaileek. Genevan oikasitakoa Euskal Herrian landuko zutela iragarri zuten bai Unesco Etxeak bai sortzaileek eta horren ondorio da, besteak beste, Irantzu Lekueren Gizarte eraldaketa horma irudigintza.