- Zubia 90. ko hamarkadaren hasieran txerriz beteriko kamioi bat pasatzen ari zela apurtu eta mila zatitan desegin zen. Irantzu Lekueren horma irudiak berreskuratu du orain
GASTEIZ. Atauriko zubitik argazki batzuk besterik ez dira geratzen. Zubi garrantzitsua izan zen Arabako mendialdean kokatutako herri honentzako eta zubiaren lehen erreferentziak 1730 urtekoak dira. Egurrezko zubi bat zegoela diote testuek eta 1737 urtean hura berregin eta egurrezko zubia harrizko zubi bategatik aldatu zela. Zubi horrek berezko nortasuna eman zion herriari, Berron ibaia zeharkatzeko bide erraz eta segurua eskaintzeaz gain. Berezko nortasun hori agerian geratzen da, besteak beste, argazkilariak herrira joaten zirenean tradizio zelako herritarrak zubi horren gainean jartzea herri argazkia bertan ateratzeko.
1890 urteko argazkia erabili du Irantzu Lekue artista garaikideak Atauriko herritarrekin batera Zubi bizia murala egiteko. Xabier Oribe, Atauri Art jaialdiko antolatzaileak azaltzen duen moduan, izenburu horren pean herriarentzta oso garrantzitsuak diren bi kontzeptu batzen direlako. Batetik, “zubia, 90. ko hamarkadaren hasieran txerriz beteriko kamioi bat pasatzen ari zela apurtu eta mila zatitan desegin zelako. Bestetik, bizia, Arabako mendialdea kulturalki eta egunerokoan bizirik nahi dugulako“. Txerrien istorioak beste berezitasun bat duela aitortzen du gainera Oribek “herrian etxe bakarra geratzen zen txerriekin eta kamioaren bidai hura zen azkena txerriak betirako kentzen zituztelako etxe horretatik ere. Txerrien azken bidai hartan gure zubia galdu genuen”.
Irantzu Lekue-k mural honen prozesu parte hartzailea burutzea beste batzuk gidatzea baino errazagoa izan dela aitortzen du. “Herriak oso argi zuen zer nolako elementuak nahi zituen ,uralean. Zubia sartu nahi zuten baita Atauri art jaialdiak eskaintzen dion bizitasuna ere. Adostasun horrek asko erraztu du lana”, azaltzen du Lekuek. Atauri 25 herritarrek osatzen duten eta “adin guztietako herritarrek parte hartu dute, herritar ia guztiek baita Maeztutik etorritako zenbaitek ere”. Proiektu honi esker, sakabanatuta dagoen landa-ingurumen honetan parte-hartzearen bidez artean sakontzea lortu da; artistak auzokoekin, eta ekimenean parte-hartzeko interesaturiko lagunekin, herria hobetu eta edertu duen artelana sortu du, baina, aldi berean, artea aitzakia, herritarren parte-hartzerako teknika desberdinak sustatu dira eta, horrela, herritarren artean harreman berriak sortzea lortu da. Atauri Art Jaialdiak eta Atauriko Administrazio Batzarrak herritarren kohesio soziala lantzeko helburuarekin erabaki zuten horma-irudiaren burutzea eta Xabier Oribek azaltzen duen moduan “Atauri bezalako herri batentzat oso esperientzia interesgarria da, 25 bizilagun gara eta hau bezalako ekimenik ez da inoiz egin”
Date: 6 apirila, 2020
Category: