#6000zpt
Instalazio artistikoa. Gasteiztarrek artistari emandako zapatekin eginiko lana. Instalazioa Gasteizko erdiguneko Plazarik garrantzitsuenean burutu zen, Andra Mari Zuriaren Plazan. Goizeko zortzietan hasi zituen lanak Lekuek, zenbait kideren laguntzarekin. Andre Maria Zuriaren plazako Green Capital-aren belar eskultura izan zen abiapuntua. Bertatik, bi lerro abiarazi zituzten; irudika daitezkeen oinetako mota guztiak lerrokatuta sortutako marrak: haurren zapatatxoak, mendiko botak, takoidunak, txankletak, kirola egitekoak, etxekoak, txarolezkoak, hoteletako txinalak… Zapaten bidez forma organikoak irudikatu zituen Lekuek, bizirik dagoen organismo baten formak, alegia.
Euriaren etengabeko mehatxupean, zapata ilarak plazaren beheko partea hartuz joan ziren. Plaza bete, eta norabide zehatza hartu: udaletxerantz. Hara gerturatu ahala, kolore biziak beltzez tindatu ziren, udala seinalatzen zuen gezi beltz handi bat bihurtu arte. Mezua indartzeko, kolore askotako zapatak kokatu zituzten geziaren aurrean, udalaren politikei bizkarra emanez.
Hamaikak baino lehen, prest zegoen dena. Martxoaren 12an hasitako bidearen amaierara heldu zen Lekue. Orduan hasi zen herritarrek emandako zapatak biltzen, hiru aldarrikapen bateratzeko: arte eta kultura sortzaileen lana aldarrikatu eta horiei balioa eman; ekimen artistikoaren baliagarritasuna defendatu gizarte plural bat lortzeko; eta, azkenik, hiri plural bat aldarrikatu Maroto alkatearen jarreraren aurka.
Hamaikak pasatxo, Lekuek arte ekintza inauguratu zuen; Imanol Martinez Herviasek bi melodia jo zituen biolarekin, artelanaren parte gisa.
Zapata guztiak Caritas eta Afanis elkarteentzat izan ziren.