Bukatzear da 2016-a. Amaitzear Donostiaren Kultur Hiri-burutza. Esperientzia kulturalez lepo igaro den urtea izan da eta orain, amaitu aurretik, “balorazioa egiteko unea delako”, horretarako propio sortutako egitasmo kulturala aurkeztu du Irantzu Lekue artista garaikideak. Azaldu duenez, 2016 honetan itxaropen asko eta asko jarri ziren baina, urtea igarotzear dela, zenbateraino bete dituen galdegin du. Artelana burutzeko Gipuzkoako herritarrek Kultur Hiri-burutzarekiko dituzten esperientziak batuko ditut horiei guztiei itzulpen artistiko bat emateko. Horrela emango diogu amaiera “Energia Olatuak” sailari, artea eta parte hartzea uztartzen dituen proiektu honekin.

DONOSTIA. Botila baten barruan itsasora botatako mezuaren metafora gogoratzen? Horrela abiatu du Irantzu Lekue artista garaikideak #10mila Joan-Etorrian egitasmoaren aurkezpena, artea, hausnarketa eta desirak batuko dituen ekimena. “Parte hartzea oinarri duen instalazio artistikoa eraiki nahi dut, feedback kontzeptua oinarri duen artelana. Feedbacka erantzuna da, erreakzioa, iritzia, arretaz entzun beharreko esperientzia. Horregatik nire helburua Gipuzkoako herritarren feedback-a jasotzea da”, azaldu du. Horretarako, eskualdez eskualde ekimen txikiak burutzen hasi dira, emeki emeki, lortu nahi dituzten hamar mila hausnarketak lortzeko. Hamar mila gogoeta, pentsamendu, desira Gipuzkoa barnebiltzen duen ekimen baten baitan, herrialdeko bigarren herri txikienetik hasi eta Donostiaraino iritsiko delako. Menditik itsasora dagoen ibilbidea metafora bihurtuko duena eta, abenduaren 29an instalazio artistiko bihurtuko dena.

Ekimena iragan abenduaren 9an abiatu zuten, Orexan. Larunbatean, Beasain eta Idiazabalen izan ziren. Igandean, Debagoienan, Elgeta eta Bergaran. Hurrengo egunetan Tolosa, Azpeitia, Orio, Errenteria, Donostia, Hernani eta Irunen izango dira baina, lehen egun hauetan, 500 bat parte hartzaile izan dituztela jakinarazi du. “Herrietarako dugun plangintza berdina da. Umeentzako sormen tailer batekin hasten gara. Klarionekin marrazki handiak sortzen ditugu lurrean artea nonahi egon daitekeela erakusteko eta, bitartean, stand txiki batean, herritarren ekarpenak jasotzen ditugu. Eta ekarpen horiek guztiak, kristalezko botiletan sartzen ditugu”, azaldu du Lekuek. Era berean ekimenean Axular Lizeoak parte hartuko duela iragarri du Lekuek eta, horregatik, eskolei parte hartzeko deia luzatu die.

Botilak eta barruan dituzten mezuak izango dira abenduaren 29an Saguesen burutuko duen instalazio artistikoaren oinarria. Herriz herri jasotako ekarpenei itzulpen artistikoa eskaini eta artelan kontzeptuala burutuko du.

Artista aurreratu duenez instalazio artistikoa oso bisuala izango da. “Bisuala eta… oso handia, ziurrenik Euskal Herrian inoiz egin izan den instalazio artistiko handienetarikoa. Zergatik? Artistikoki interbenitutako 10.000 objektuek osatuko dutelako”. Esan bezala, zeharo bisuala izango da, argazkietarako ezin hobea baina bereziki, herritarren hausnarketa eta gogoetak batuko dituena. Parte hartzea oinarri izango duen lana da. “Land ART-a inspirazio izango duen lana bai, baina kontzeptu hori ere birdefinituko duena ez baita purua izango, moldatu egingo dudalako”, azaldu du. “Denon artean eraikitako artea izango da”. Energia Olatuak programari itxiera emango diona eta itxiera hazkuntza klabeetan egitea proposatzen duena.

Horregatik, herritarrei, Donostia 2016 hiri-burutzarekiko izandako esperientzia helarazteko deia zabaldu du. “Esperientzia, iritzia, desirak, arte eta kulturarekiko sentipenak… Horiek jaso eta Hiriburutzako arduradunei helaraziko dizkiet eurek ere gogoetarako aukera izan dezaten baina, bitarte horretan, instalazio artistikoa osatuko dugu. Feedback ariketa erraldoia egitea proposatzen dut, hausnarketa, gogoeta proposatzen dut finean, horrela ikasten dugulako”, azpimarratu du Lekuek.

Horrela, parte hartzeko eskura ditugun bide guztiak martxan jarri dituzte. Sare sozialetan, #10mila da traola eta Facebook, Twitter edo Instagram-en daude. Era berean, www.joanetorrian.com webgunea abiatu dute eta bertan, bada aukera mezuak helarazteko eurek botiletan sartu ditzaten.

Baina ekimena ez da Donostiako instalazio artistikoarekin amaituko… “zenbat alditan galdetu diogu gure buruari non amaituko ote zuen guk itsasora mezu batekin jaurtitako botila?” galdegin du Lekuek. Urtarrilean, Donostia 2016-ko ikasketen botila itsasora jaurtiko dute. Botila bakarra izango da eta GPS bidez jarraipena egingo diote. Non bukatuko ote du botila? Nova Scotian jasoko ote dute? Cariben? Itsas munstroren batek hartu eta desagerraraziko ote du?

“Probatzera goaz. Botilaren GPS-a monitorizatuko dugu eta webgunearen bidez jarraitzeko aukera eskaini. Itsasora bota jasotako mezuen aukeraketa batekin eta… jakin non amaituko duen!”, azaldu du Lekuek.

#10mila Joan-Etorrian. Parte hartzea oinarri, ametsak, eraikitze asmoa eta artea batuko dituen egitasmoa.