“El arte parece ser el empeño por descifrar o perseguir la huella dejada por una forma perdida de existencia”
Maria Zambrano (Filosofoa eta idazlea)
2016a amaitzear da. Horrekin batera Kultur Hiriburutza. Urte honek aztarna berezia utziko du pertsona bakoitzarengan. Aztarna pertsonengan baita hiri eta lurralde honetan ere. Denborak gordeko duen urtea ala denborarekin ahaztuko den urtea. Bete betean asmatu diren kontuak aurkitu ditugu urte honetan. Baita hanka sartzeak ere. Baina bitartean, denborak, ziklo berri baten hasiera markatzen du eta ziklo berria zabaltzeko hausnarketa eta sormena beharko ditugu bidaide izan, amets eta helburuak betetzeko.
Horregatik zeharkatu dugu Gipuzkoa. Proba bat egiteko. Jendartean termometroa jarri eta sormen soziala, jendartearen sormena indartu edo, gutxienez, ateratzeko. Parte hartzera deitu ditugu herritarrak. Ametsak, kulturaren inguruko hausnarketak eskatu dizkiegu horiek guztiak botiletan sartzeko. Eurek adierazi gaur horiei itzulpen artistikoa emateko. Esanahi berri bat emateko. Artea eman, argia emateko, hipnotizatzeko.
Botila bakoitzak pertsona baten esentziaren gordailua da, bere izatearen transformazioa. Forma kurbo eta zuzenekin baina hauskorrak. Gizakiaren gorputzarekin gertatzen den moduan, amets eta esperantzen gordeleku dira botilak. Botilak hutsalari forma ematen dio. Gardentasunarekin ala gardentasunik gabe parte hartzaile bakoitzak utzitako mezua erakusten du. Edo ez. Botila amets, kritika, txalo, hutsal edo esperantzen eramale. Pertsona bakoitzaren barnearen erakusle. Ohiko testuinguruetatik ateratako botilak. Nahastutako objektuak. Plano bihurtzen diren formak. Banatu eta ostean elkartzen direnak. Hipnotizatzen gaituztenak. Paisaia urbanoa osatzen duten, ohiko elemntuak dira baina… esanahi berezi eta berria dute.
Pertsona izaki soziala da. Emozio, eginkizun berrien bila dabilena beti. Aurrera doa. Edo atzeraka.Bizitza eta heriotza batzen dituen prozesu baten baitan. Aztarna utziz. Konexio berriak sortuz. Bide berriak eraikiz. Botilekin beira errekak osatuz, forma kurbo eta organikoen bidez, 10.000 botila hauek laberinto berri bat ari dira osatzen. Aztarna berria, atzamarren bihotza, sentitu eta ukitzeko sortua dena.
Laberintoa: 5000 urte baino gehiago dituen egitura konplexua. Bizitza eta heriotza sinbolizatzen duena: birsortzen dena. Bidean egiten diren hanka sartzeen erakusle eta sinbolo. Norberaren oreka, zentroa, jakinduria lortzeko halabeharrez egin beharreko laberintoa. Senekak zihoen, “laberintoa korrika igarotzen dutenei, euren abiadurak nahasten ditu”. Bizitzan, bide okerrak eta zuzenak hartzen ditugulako helburuak bete nahi horretan baina, JOseba Sarrionaindiak esango zuen bezala “bide luzerik ez da, beste batzuk luzeagoak dira”. Bizitza espirala balitz bezala. Laberinto natural moduan. Aztarna moduan.
Aztarna, gure presentziarekin uzten dugun marka da. Izateko moduarekin uzten duguna. Egiteko moduekin uzten duguna. Denboran luzatzen den prozesua da: bidea ibiltzeko dugun borondatea. Teseok Minotauroa aurkitu eta laberintotik ateratzeko erabilitako hariarekin bezala. Baina… esku artean dugun kasuan… zentrura iritsi ote gara?
Hari gorriak aurrera egiteko dugun indarraren adierazlea da. Atal sensoriala. Egin nahi izatearen indarra da. Horregatik, hari gorriak laberintoa zeharkatzen du baina bukaerara iritsi gabe. Beti zain, beti esperoan, erdigunera, zentrora, desiretara iristeko zain.
Denbora, bidea, aztarna eta hausnarketa. Doctor Deseoren Francis-ek “Soñar y desear, atreverse a transformar” abesten zuen. Zein da bestela arte, sormen eta sentimentuaren oinarria? Paisaia urbanoari gorazarre egitea izan daiteke, oihu ozen bat agian Hau dena aldatu nahi nuke! edo horren eta Evaristoren ¿y ahora qué?-aren atean dagoen amildegia. Bitartean, benetan maite dudana, egitea da. Caminante, no hay camino, se hace camino al andar.
Eskerrik asko.

