Asteburu garrantzitsu baten atarian gaude. Gai bakarra dago mahai gainean: Catalunya. Eta hemendik ere nire elkartasun keinutxoa egin nahi diet igandean bozkatuko duten milaka eta milaka demokratei. Asko dira oraintxe bertan Catalunyara bidean dauden gasteiztar eta euskal herritarrak. Asko ere hemen geratu eta larunbatean Bilbora gerturatuko direnak.
Larunbatean aldiz bada ere beste hitzordu garrantzitsu bat sormenean, kulturan baina kulturan bakarrik ez, ari garen gazteontzako Gasteizen. Sinergia Gunea gazte eta sortzaileak garenontzako elkargunea elkarren artean ezagutu eta sinergia berriak sortzeko gunea.
Gasteizko kultur alternatiboaren mapa sortzen hasi ziren lehenbizi Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruaga, egitasmo honen sortzaileak. Orduan Gasteizko kulturaren egoeraren inguruko hausnarketa bat konpartitzen zutelako hasi ziren lanean kulturaren esparruan ikustarazten ez ziren leku asko zeudelako, bestelako kultura bat ari zelako loratzen. Proiektua burutzen ari zirela konturatu ziren pertsona edo gazte sortzaile hauen artean ere “ez zirela sarri euren artean ezagutzen, ez zeudela hibridaziorako kanalak, bideak falta zirela”. Horregatik hasi ziren lanean eta Sinergia Gunea abiatu zuten.
Kaleak kulturarako berreskuratu nahi ditugulako, kalean, Judimendiko parkean elkartzea erabaki dute. Kalean aurkeztuko dituzte gazte hauek guztiek euren proiektuak, euren ideiak, euren lana. Hamabost proiektu izango dira guztira. Besteak beste, Cristina Bereciartua, kudeaketan aditua, Ane Gebara ipuin kontalaria, Ane Gebara ipuin kontalaria, Jo! Fest diseinu jaialdiko antolatzaileak, Fill in grafitigileak, Sumendi gune autogestionatuko kideak, Iker Fidalgo arte kritikaria, Eider Bernaola, argazkilaria, Cerdas fanzine egileen kolektiboa, Beñat Goitia bakarlaria, Natalia Albeniz artista, Reina Ginolanda idazlea, Gasteiz Harcore Crew-ko kideak edo Ibai Jammin-ek parte hartuko dute “kulturakoak ez baina ekintzailetzatik datozen beste proiektu batzuekin, Gastheiz patata garagardoaren egileak kasu”. Denak arabarrak eta guztiak 18 eta 33 urteen artekoak “kulturan, sormenean ari diren gazteentzako izango den marko propioa eraiki nahi dugulako”, azaldu dute.
Hitzordua behar beharrezkoa iruditzen zait, besteak beste, askotan gertatzen den gauza delako sortzaileon artean ez garela ezagutzen. Musikariak musikarien artean ezagutzea normala da, baina antzerkikoak urrun geratzen dira. Bisualetakoak ez dituzte literaturatik datozenak ezagutzen eta horrela beti. Larunbata Irailaren 30a aurkezpen dinamika batekin hasiko da eta, ondoren, proiektu aurkezpenen txanda izango da. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera “dinamikotasuna bermatzeko 10 minutuko aurkezpenak egingo dituzte gonbidatuek.
Eta aurkezpenen ostean… marinaito kulturala.
Doctor Sax gasteiztarraren kontzertuarekin.
Larunbat honetan hitzordu interesgarria dugu Gasteizen.
Proiektu berriak sortarazteko lekua Judimendin…. Sinergia Gunea.

