Aldundiak Bidearen Aztarnak aurkeztu du, Vasco-Navarro bide berdeko tuneletan esku-hartze artistikoak egiteko proiektua
Irantzu Lekue artistak eta Izaskun Urkijo arkitektoak proiektu bat sortu dute antzinako trentxoa pasatzen zen herrietako historia eta ohiturak berreskuratzeko
Lehenengo esku-hartzea Zekuianon eraberritu berri den tunelean egingo dute: margotu egingo dute; Olaranbeko pasabidearen ondoan eskultura bat jarriko dute
Ramiro Gonzálezek gogorarazi du Vasco-Navarro bidea etorkizuneko apustua dela ingurumenaren, mugikortasun jasangarriaren eta turismo berdearen alde
Gasteiz, 2019ko otsailaren 15a. Arabako Diputatu Nagusi Ramiro Gonzálezek Bidearen Aztarnak proiektua aurkeztu du gaur goizean. Proiektuak hurrengo bost urteetan esku-hartze artistikoak egitea aurreikusten du Vasco-Navarro bide berdeko tuneletan, bai eta bestelako proposamen interaktiboak eta sormenekoak ere, ibiltariek eta txirrindulariek bidean zehar aurki ditzaten. “Gure historia ahaztu gabe, proiektu honek etorkizunera begiratu nahi du, eta apustu sendoa da are balio handiagoa emateko bide berde honi eta inguruko herriei”, laburbildu du Gonzálezek, eta nabarmendu duenez, “proiektuaren helburua da Vasco-Navarro bideak protagonismoa izatea, eta horretarako, trentxoaren memoria berreskuratuko dugu eta antzinako eraikinei eta herritarren ohiturei erreparatuko diegu, haien bizimoduari eta kulturari”.
Irantzu Lekue artista eta Izaskun Urkijo arkitektoa dira proiektuaren egileak eta hari buruzko xehetasunen berri eman dute ekitaldi batean. Han izan dira, halaber, Gasteizko Udala, Burgelukoa, Arraia-Maeztukoa eta Kanpezukoa, eta inguruko administrazio batzarrak ere bai.
Diputatu nagusiak Bidearen Aztarnak proiektuaren izaera parte-hartzailea nabarmendu du eta herrietako biztanleak animatu ditu parte hartzera. Izan ere, proiektuaren helburua da “arte tekniken bitartez, inguruaren garapena ahalbidetu zuen trenak baldintzatutako herri hauen iragana eta etorkizuna islatzea; zeren eta trenbidea bide berde bihurtzeak beste aukera bat eman die eta garapen jasangarriaren adibide da”, adierazi du Gonzálezek. Proiektuan aurreikusten da Vasco-Navarro bideko sei tuneletan (Trokoniz, Huecomadura, Laminoria, Zekuiano, Atauri y Fuenfria) esku hartzea eta Olaranbeko pasabidearen ondoan eskultura bat eraikitzea. Esku-hartze guztietan islatuko dira ingurunearen metaforak eta keinuak, herrien iraganari eta orainari buruz egin den ikerketari esker.