30 herritarrek hartu dute parte datorren astelehenean Murgian inauguratuko den muralean

Murgia, 2018ko uztailaren 27a_ Hiru aste eman dituzte Zuia udalerriko herritarrek Murgiako Jai-Alai frontoian horma irudi bat sortzeko, Gasteizko Irantzu Lekue muralistaren gidaritzapean. Eta emaitza zoragarria da.Artistaren hitzetan, “oso harrera ona izan du proiektuak hasieratik eta poz-pozik gaude bizi dugun guztiarekin. Zuiako herriari parte hartzea eskertu nahi diot. Eta baita zoriondu ere, lortutako emaitzagatik. Egileek eta lana ikustera hurbildu diren guztiek adierazi digute lan ederra dela eta gustatu zaiela. Eta ni harro nago, eurentzako baita”.

Zuiako Udalak bultzatutako ekimen honek herritarren parte hartzea eta gizarte eraldaketa izan ditu ardatzak, eta artea, euskara, generoa eta tradizioak hizpide. Lekueren muralismoak mundua edertzea du helburu. Eta baita herritartasuna sortzea eta sendotzea ere. Artistak horretarako propio sortutako dinamika eta saioen bidez, Zuiako herritarrekin garatu du Jai-Alaiko horma irudia, udalerriko hainbat ikur, iraganaldiko eta orainaldikoak, iruditzeko. Besteak beste ume bi, emakume bat behia jaisten, zubi bat, bolatoki bat, eztiorrazi bat, pagadi bat eta Gorbeiako gurutzea, jakina!