Blog

Beldurra garaile

Mila esker ARTgia sorgune & aretora gerturatu zareten guztioi. Gaur, orain arte eman behar izan dudan prentsaurreko tristeena den honetara deitu zaituztegu, Avenida Gasteiz 81en egitear nintzen “Ongi etorria- Bienvenida” muralari uko egitea erabaki dudala iragartzeko. 

 Uko egitea erabaki dut murala bizilagunekin, fatxadaren jabe diren horiekin, adostua eta sinatua izan arren. Baimen guztiak behar bezala izan arren. Zerbitzu guztiak jada kontratatuak izan arren. Eta proiektuaren planifikazioan, lanketan eta parte hartze prozesuaren garapenean dozenaka ordu igaro ditudan arren. 

Uko egitea erabaki dut polemika hau dagokion lekura itzul dadin; akordioak eskuratzea helburu izango duen negoziaketa mahai baten bueltara. 

Gasteizko Etorbidean egin behar nuen muralari uko egitea erabaki dut zeharka eta zuzenean jasotzen ari naizen presioa dela eta. Ni, nire lan-taldea eta eraikineko bizilagunak jasotzen ari garen presio eta eraso pertsonalak direla eta. Ezer baino lehen, gertakarien errepaso labur bat egin nahi nuke: 

2017Ko udan ARTgiako lan-taldeak Gasteizerako hiru proiektu muralistiko garatu zituen. Udalak antolatzen zuen lehen lehiaketa publikoa izan zen hau. Ordura arte egin ziren 16 muralak inolako lehiaketa publikorik gabe esleituak izan baitziren. Gertakari hau, bere horretan jada aurrera pauso handia izan zela uste dugu, eta horregatik udal gobernua zoriondu nahi dugu, aurretiko gobernuek hartu ez zuten erabaki bat hartzeagatik. Lehiaketa honetako epaimahaikide gisa ibilbide profesional luze eta zabala duten udaleko hainbat teknikari ezarri ziren. Eta eurak izan ziren aurkeztutako proiektu guztiak baloratu zituztenak. 

Gure hiru proiektuek puntuazio altuena eskuratu zuten, lehiaketa irabazi zutelarik. Baldintzak ordea oso gogorrak ziren eta ekintzailetza zigortzen zuten. Izan ere: 

• Mural bakarra egiteko ez zen inolako fakturaziorik eskatzen. 

• Bi mural egiteko ordea, 74.380€ko fakturazioa eskatzen zen. 

• Hiru muralak egin ahal izateko 111.570€ko fakturazio behar zen. 

Gu, hasi berriak izaki, aurretiazko ekintzen faltan ginen, eta ondorioz bi murali uko egin behar izan genion. Hauek, automatikoki beste enpresa baten esku geratu ziren. 

Osatuena zena hautatu genuen, proiektu borobilena. 

Lehen asmoa Jose Erbina kalean egitea zen. Ezin izan genuen proiektua bertan aurrera eraman ordea: ez zen bertako bizilagunen lehentasuna. Herritarren parte hartzean sinesten dugu eta bizilagunekin izan genituen bileretan argi ikusi genuen aurrez bestelako neurri batzuk aurrera eramatea nahiago zutela, Udalarekin adostu behar zituztenak. 

Egoera honen aurrean, proiektuarekin bat zetorren beste horma baten bila hasi ginen. Gasteizko sarreretako batean zegoen horma bat izatea nahi genuen, ongi etorri kontzeptua lantzeko aproposena zelakoan. Gasteizera sartzean lehen inpresioan ideia hori lantzeko aukera ematen zuen horma bat. Honela, Gasteizko Etorbideko 81 zenbakidun eraikinaren hormarekin egin genuen topo. Murala horma honetan egin ahal izateko lanketari ekin genion beraz, parte hartze prozesua abiatuz. Honetan ginela egin du eztanda polemikak. 

Hasieratik, benetan interesgarria den eztabaida publiko bat ireki zela uste izan dugu, baina egunak aurrera egin ahala, eztabaida bera desitxuratu eta toxikoa bilakatu da. Jada guztion dakizuen moduan, Arkitekto Eskolak Gasteizek emateke duen eztabaida publiko bat mahaiganeratu du. Nik neuk bat egin nuen arkitektoek aurkeztu zuten lehen testuan jasotako ideiekin. Izan ere, bertan Gasteizko Alde Zaharrean dauden mural kopurua eta hauek egiteko erabili diren eta erabiltzen diren irizpideak zalantzan jartzen ziren. 

Ados gaude lehen testu horretan helarazitakoarekin. ARTgia sortu genuenetik ideia horixe bera defendatu dugu, hau da, Alde Zaharrean jada nahikoa mural egin direla eta Gasteiz bere Alde Zaharra baino askoz gehiago dela. Zentzu honetan, gure erabaki, hasiera hasieratik, Alde Zaharrean “makro” eskalako inolako interbentziorik ez egitearena izan da. Horrez gain, arkitektoek, Alde Zaharrean egin diren muralen irizpideak edota mural guztiak, aurrez inolako lehiaketa publikorik martxan jarri gabe, enpresa berak egin izana kritikatu dute. Guk ere bai. Horregatik, hain zuzen ere, pasa den irailean antolatu zen lehiaketara ez aurkeztea erabaki genuen, beste muralgile batzuk aurkezteko aukera izan zezaten. Honela, hiriak sormenean irabazteaz gain beste artista batzuek euren lanak garatu ahal izateko aukera izan zezaten. 

Orain artean ordea arkitektoen posizioarekin bat egiten bagenuen ere, ez hala formekin, euren posizio aldaketak harritu eta nahasi egin gaitu. Pasa den astean arazoa Alde Zaharrean eta honek bizi duen gainkarga muralistikoan zegoen. Gaur aldiz, arazoa auzoetan dago. Aldaketa honek artea eta parte hartze prozesuak ez dituztela gustuko aditzera ematen du. Eta gustuko ez izatea guztiz zilegi da. Gasteizko hiritarrei bertako hainbat eraikin ez gustatzea bezain zilegi. Baina norbere gustu eta interesak ezin dira inoiz inposizio bilakatu, ezta beste sortzaile batzuen lana oztopatzeko argudio. Gogora ekarri nahi dugu muralgintza gure jatorrietan kokatzen dela eta mendez mende arkitektura kolorez jantzi duela. Paleolito garaitik labar-arte margoekin, antzinaroan eta erromantiko garaian. Errenazimendutik, barrokora, Rokokoan eta modernismoan zehar…. XX. Mendean Diego Rivera moduko muralistek mural margoaren presentzia itzuli zuten, Le Corbusier moduko arkitekto handiek oinarrizko koloreak erabili dituzte Mondrian estiloko euren proiektuetan eta Nestor Basterretxea moduko artistek fatxada grisak koloreztatzeko muralak diseinatu dituzte. Egun horietako asko ezin ditugu ikusi, hain zuzen ere, mantenu lanak ez egiteagatik, edota mural horiek zituzten eraikinak eraitsiak izan direlako euren lekuan “modara” beste eraikin batzuk eraikitzeko. 

Triste nago bai, eta harrituta. 

Harrituta, gure hirian hainbat presio taldek duten botereagatik. Beldurrak irabazi du oraingoan. Egia esanda, ez nuen sekula pentsatuko, talde sektorial batek horrenbesteko botera izan zezakeenik. Udala osatzen duen ordezkaritza politikoaren gainetik euren iritzia lege bilakatzen saiatzeko bezain besteko boterea. 

Harrituta nauka, eta baita gogaituta ere, arkitektoek erakutsi duten formaltasun eskasak, guztiz aldakorra eta inolako kontrasterik gabe eraikia izaten ari batia darabilten diskurtsoa. Hala izan dela diogu, asteartean bertan arkitektoen ordezkarietako batekin izan genuen bileran, besteak beste, mural honekin hautsiko genukeen eraikinaren poesia bisuala, jada aurrez eraldatua izan dela ere ez zekitelako. Sorreraz poesia bisual zuria zuen eraikinaren erdialdea beltzez estalia baitago duela hilabeteetatik. Non ziren arkitektoak hori egin zutenean? Non ziren euren kezka eta kexak? Akaso sorgin ehiza hau prestatzen ari ote ziren? Egia ondorengoa da: hedabideetarako jo aurretik ez dutela inolako egiaztapenik egin. Seriotasun gutxi erakutsi dute ere obrak gelditzeko eskakizuna hedabideen bitartez eginez. Erabaki bitxia benetan, euren diskurtsoaren baitan Udalari muralgintza neurtzeko bide legeak ezartzeko eskatzen ari direnean, obrak gelditzeko bide judiziala abiatu beharrean hedabideetara jo izana. 

Esan dudan moduan, atzera egitea erabaki dut. Bidea libre uzten diot Arkitektoen Eskolari “nolabaiteko” balioa -inori azaldu ez dioten balioa- duen eraikin honen poesia bisuala babestu asmoz abiatu duten gurutzadarekin jarraitu dezaten. Izan ere, gurutzada hau benetan erreala bada, Gasteiz irabazten irtengo da horma horretan zintzilik den kartelak herdoila eta oxidoa izateari utziko diola ulertzen baitugu. Ez bada hala ordea, bere horretan mantenduko da, beltzez estalia eta oxidatua. 

Era positiboan amaitu nahi dut baina. Eztabaida lasai baterako gonbita luzatuz. Arkitektoek eskolak eskatzen dituen gisako irizpideak ezatzearen alde bainago, baina inolaz ez, lobbyen jarrera gogorarazi didan modu eta forma hauekin, inork bozkatu ez dituen eliteen gisara. Era berean jokatu zuten, duela aste batzuk Goya gasolindegiko eraikina historikoa, Florida parkean dagoena, eurentzako eskatu zutenean. Eraikin hau 

Emakume Etxea eraikitzeko izan zitekeen, ardoaren museoa izateko edota Mercedes Benzen museoa ezartzeko. Eskakizuna egin eta hedabideetako titularrak presio egiteko baliatzea guztiz lekuz kanpo dago. 

Nere proposamena muralgintzarako erabili daitezken hormen mapa bat osatzearena da. Eta horretarako administrazio publikoan den talde teknikoaren gaitasunean konfiantza osoa daukat. Eta jardun honen zuzenean eragiten dien sektoreen arteko zubiak eraikitzearen aldeko apustua egiten dut. Herrialdeko arkitektoekin eta sortzaileekin. Akordiorako marko baten sorreraren aldeko apustua. Halako gertakizun desatsegin eta nekagarriekin amaitzeko balioko duen marko baten aldekoa. 

Amaitzeko, azken apunte bat egin nahi nuke, duen baliogatik. Izan ere, garrantzitsua deritzot muralgintzari esker azken urteetan emakume sortzaileek lortu duten bisibilazioa azpimarratzea, orain artean arte munduan ere bigarren mailako izaki izan garen heinean. Lan honen garrantzia beraz, gure aburuz, bikoitza da, hiriari sormenari eta arteari dagokion alorrean egiten dion ekarpenaz gain, emakumeen lanari balioa eta bisibilizazioa emateko ateak zabaldu baititu. Zentzu honetan, bereziki mingarria eta kaltegarria, hala nola, atzerakoia deritzogu arkitektoen eskolak muralgintzaren aurka azaldutako jarrera. Esan bezala, hasierako irakurketarekin bat egiten genuen arren, orain, jardueraren beraren aurkako mugimendu bat izatera iritsi baita. Zentzu honetan, Arkitekto Eskolako kideei honen inguruan hausnartzeko tartea hartzeko gonbita luzatzen diegu, Gasteizi muralgintzak egiten dion ekarpenaren inguruan eta baita muralgintzak emakume sortzaileei ireki dien aukeren inguruan ere. 

Uko egiten diot beraz Gasteizko Etorbidean egiteke nintzen muralari, polemika guzti honekin zerbait lortu badute, gure ilusioa zapuztea izan baita. Eta gure lanean ilusioa behar beharrezko dugun gasolina da. 

Beldurrak irabazi du. Presio taldeek sorrarazitakoa. Hori bai, eskertuko genuke nonork azalduko baliguke zertan hobetzen den Gasteiz, hiri gris, oxidatu eta kolorerik gabea bilakatzean. Eskerrik asko. 

Bide batez, publikoki eskertu nahi diet hiri hau hobetzeko aktiboki lanean diharduten pertsona guzti horiei euren egunerako lana eta irmotasuna. Bereziki, hiritarren parte hartze departamenduko kideei, alkateari berari eta egun gogor hauetan idatzi, deitu eta kezka helarazi diguzuen udal ordezkariei eta gainontzeko pertsonei. Eta nola ez, Gasteiz Etorbideko 81 zenbakiko eraikineko bizilagunei, eurak ere, gu moduan, polemika honek erdi erdian harrapatu baititu. Esker mila. 

Irantzu Lekuek eta Unesco Etxeak Falerina lorategitik abiatuko dute #FemRIGHTS proiektua

“Helburua hausnarketa marko berria sortzea da. Giza Eskubideen egoera munduan zein den ikusita gure ekarpena egin nahi dugu, bereziki, emakumeok pairatzen ditugun urraketak salatzeko eta horiei aurre egiteko”, azaldu du Irantzu Lekue horma irudigileak. 

Hiru ekimen artistikorekin abiatuko dute proiektua. Lehena Alde Zaharreko Falerina lorategian heldu den larunbatean, abuztuaren 25ean Judimendiko parkean eta irailaren 9an Gasteizko autobus geltolkiaren aitzinean dagoen Euskaltzaindia Plazan.

GASTEIZ. Gasteizko udalak Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa deituriko urteko deialdiaren ebazpena onetsi zuen ekainean eta Irantzu Lekue artista eta muralistaren eta Unesco Etxearen proiektua aukeratu zuen. Deialdi hori Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak antolatzen du Montehermoso kulturunearekin batera. Elkarlanean aurkeztutako #FemRIGHTS proposamenak lortu zuen puntuaziorik altuena eta larunbat honetan, hilak 18, abiatuko dute Gasteizko Falerina Lorategian. Proiektuak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena du ardatz, eta emakumeen eskubideen urraketa jorratzen dute, bereziki.

Hainbat dira egitasmoaren baitan burtuko diren ekimenak eta parte hartze dinamikak oinarri dituzten kale ekintza zein performance edo ikus-entzunezko sorkuntza batera erakusketa antolatu dute 2018ko azaroaren 27tik 2019ko urtarrilaren 13ra bitartean Montehermoso kulturunean, lehen solairu guztia hartuko duen erakusketan. 

Larunbat honetan burutuko duen kale ekimen artistikoan Irantzu Lekuek mikro-horma irduia soprtuko du Falerinara gerturatzen direnekin batera. “Horretarako parte hartze dinamika bat osatu dugu propio. Erronka denon artean Giza Eskubideak hizpide izango dituen artelana sortzea izango da”. Sei metrotako pieza izango da eta Alde Zaharra, Judimendi eta Lakuan burutuko diren ekimenetan sortuko dute. Lekuek azaldu duenez, “arteak gizartea eraldatzeko tresna ezin hobea da. Nik lanabes moduan erabiltzen dut artea aldarrikatuz eta hain beharrezkoa dugun eraldaketa sozialera pausuak emateko”. 

“#Fem Rigths”. Unesco Etxea eta Iranzu Lekue-ren proiektuak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena du ardatz, eta emakumeen eskubideen urraketa jorratzen du, bereziki. Testuinguru horretan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta abenduaren 10eko ospakizuna erreferentziatzat harturik, erakunde eta kolektibo sozial eta kulturalek egiten duten lana zabaldu eta herritarren sentsibilizazioa ahalbidetuko duen sorkuntza artistikoko proiektua izango dela nabarmendu du Unesco Etxea-ko arduradun Jessica Dominguez-ek. “Giza eskubideak babestu eta
aldezteko nazioarteko elkartasunaren alorreko gizarte-eragileak eta hiriko kultur eragileak elkarlanean jarriko zituen proiektua izango da”

Horregatik, euskal erakundeek —Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena ospatzeko Nazio Batuek sustatutako “Defenda ditzagun ekitatea, justizia eta giza duintasuna” ekimenean laguntzeko asmoz bultzatu duten “Eskerrak giza eskubideei/ Gracias a los derechos humanos” kanpainaren barruan kokatzen da baita mundu mailan burutzen ari den #STandUp4HumanRights 

Nazio Batuak

Elkarlanean burtuko dute proiektua Irantzu Lekue muralistak eta Unesco Etxeak. Elkarlan hau martxoan hasi zen Genevako Nazio Batuen egoitzara eginiko bidaiarekin. Sei sortzaileek, Unesco Etxeko zuzendaria den Arantzazu Acha de la Presarekin batera, “Arte eta kultura hezkuntza eskubide gisa” gaia jorratzeko ekitaldian parte hartu zuten. Bertan, besteak beste, Karima Bennoune kultur eskubideen errelatorearekin edo Gemma Carbo ConArte Internacionaleko zuzendariarekin egon ziren. Hezkuntza artistikotik gizarte eraldaketaren balioak nola jorratu izan zuten orduan hizpide, hezkuntza formalaren zein ez-formalen arlotik eta “lankidetza berri bat abiatu genuen Genevan”, azaldu du Dominguez-ek.

Unesco Etxearen programa hezkuntza eskubidearen edo kultura eskubideen arloetako tresnei buruz sakondu nahi duten arte hezitzaileei, kultura kudeatzaileei eta irakasleei egon zen bereziki zuzenduta eta “izaera erabat praktikoa izan zuen”. Hezkuntza eskubidearen edo kultura eskubideen arloetan han landutakoa Euskal Herrian garatuko dute ondoren sortzaileek. «Bakoitzak bere esparrura eramango zuen ikasitakoa, bizitakoa», esan du Dominguezek. Horrela, Irantzu Lekuek, adibidez, gizartea, jendartea eraldatzeko horma irudigintza proiektua abiatu zuen “non helburua ez den bakarrik leku edo guneak kanpotik edertzea baizik eta barrutik ere, parte hartze dinamika eta kohesio dinamikak landuz, komunitateen arteko zubi berriak eraikitzea. Ezberdinak ezagun bihurtzeko, sinergiak sortzeko eta finean, eta txikitik handira, mundua eta gure ingurua hobetzeko. Horretan gabiltza eta oso egitasmo emankorra ari da izaten”. 

Zuian sortutako Irantzu Lekueren azken lana: herritartasuna sendotzeko horma irudi bat

30 herritarrek hartu dute parte datorren astelehenean Murgian inauguratuko den muralean

Murgia, 2018ko uztailaren 27a_ Hiru aste eman dituzte Zuia udalerriko herritarrek Murgiako Jai-Alai frontoian horma irudi bat sortzeko, Gasteizko Irantzu Lekue muralistaren gidaritzapean. Eta emaitza zoragarria da.Artistaren hitzetan, “oso harrera ona izan du proiektuak hasieratik eta poz-pozik gaude bizi dugun guztiarekin. Zuiako herriari parte hartzea eskertu nahi diot. Eta baita zoriondu ere, lortutako emaitzagatik. Egileek eta lana ikustera hurbildu diren guztiek adierazi digute lan ederra dela eta gustatu zaiela. Eta ni harro nago, eurentzako baita”.

Zuiako Udalak bultzatutako ekimen honek herritarren parte hartzea eta gizarte eraldaketa izan ditu ardatzak, eta artea, euskara, generoa eta tradizioak hizpide. Lekueren muralismoak mundua edertzea du helburu. Eta baita herritartasuna sortzea eta sendotzea ere. Artistak horretarako propio sortutako dinamika eta saioen bidez, Zuiako herritarrekin garatu du Jai-Alaiko horma irudia, udalerriko hainbat ikur, iraganaldiko eta orainaldikoak, iruditzeko. Besteak beste ume bi, emakume bat behia jaisten, zubi bat, bolatoki bat, eztiorrazi bat, pagadi bat eta Gorbeiako gurutzea, jakina!

Arte Garaikidea sustatzeko Neguko Arte Azoka Gasteizen

Artisten erakuslehio izateko jaio gara, artista eta publikoaren artean zubi berriak sortzeko eta artea oparitu nahi dutenentzako aukerak parez pare zabaltzeko”, azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak

GASTEIZ. Enebada Galeriak eta ARTgia sorgune & aretoak azoka berri bat sustatzeko indarrak batu dituzte. Gaur aurkeztu dite Gasteizko Neguko Arte Azoka “artearen salerosketa sustatu eta Arabako artisten erakuslehio izateko jaio dena”. “Sortzaile plastikoentzako behar beharrezkoa zen azoka sortu dugu”, azaldu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak.

“Ideia duela hilabete batzuk bururatu zitzaigun baina zokoratua izan genuen Eduardo Urra ezagutu genuen arte. Bera da Enebada arte Galeriako arduraduna eta gure artean sinergiak sortu ziren, biok Gasteizko auzoetan, erdialdetik at dauden arte galeriak ditugulako eta polita iruditu zitzaigun gabonei begira baina etorkizunari begira bereziki horrelako ekimen bat bideratzea”, azaldu du Irantzu Lekue artista eta ARTgia sorgune & areto-ko arduradunak. “Handik gutxira Kristina Urizarbarrena agertu zen eta oso antzekoa zen ideia proposatu zigun, hitz egindakoaren lerrotik zihoana. Orduan erabaki genuen gure indarrak batu eta ametsak errealitate bihurtzea. Hitzetatik ekintzetara pasatzea”, dio Eduardo Urrak.

Erakusketa ostiralean aurkeztuko da Zaramagako Enebada! Arte galerian eta bertan abenduaren 15a bitartean egongo da ikusgai. Enebada!-tik, Zaramaga auzotik, Judimendira pasako da, ARTgia sorgune & aretora urtarrilaren 20a bitartean. “Artistek artelan ezberdinak izango dituzte ikusgai Enebada!-n eta ARTgia-n. Helburua kultura erabiltzaileak bietara gerturatzea izaki, produktu ezberdinak egingo dira horrela bata eta bestean ikusgai eta areto bakoitzak bere atmosfera propioa garatuko du horrela”, azpimarratu du Kristina Urizarbarrenak.

16 izango dira orotara erakusketa honetan parte hartzen duten artistak, besteak beste, Kristina Urizarbarrena -Kruzart-, Tania Guper, Eloisa Montoya, ines gonzalez de zarate, Irantzu Lekue, Txaro Arrazola, Txaro Marañon, Ana Merino, Ana Gandia, Ander Martínez, Katxarrismos, David Tavarés “Burugabe”, Palet Jauna, Ernesto Knorr, Eduardo Alsasua edo Nerea Lekuona. “Ibilbide ezberdinak dituzten artistak tartekatu nahi izan dugu. Ibilbide oso emankor eta ezaguna dituztenak daude baita emergenteak. Esperientzia eta gaztetasuna. Arabako artisten oraina eta geroa. Horregatik ere ahalegin berezia egin nahi izan dugu formatu ezberdinak lortzen kultur erabiltzaileek ere pieza ezberdinak izan ditzaten eskura”, esan du Urrak.

Erakusketan margolaritza, eskultura, instalazioa eta ilustrazioa egongo direla iragarri dute, hori bai, “tamaina eta prezio ezberdinekin helburuetako bat ere badelako poltsiko guztiek pagatu ditzaketen artelanak saltzea, artea auzo eta etxe guztietan sarrera izan dezan”. Hori dela eta, Kristina Urizarbarrenak argi utzi nahi izan du “azoka apustu bat dela herritarrak ere kulturaren sustapenean aktibo bihurtzeko: eta hainbeste kolonia eta galtzerdi oporitu beharrean artea oparituko bagenu? Arabako artea-ren sustatzea denon ardura moduan ulertuko badugu?